Museoa dohaintza berriekin aberasten da

2012/08/31 historia
Zorioneko gaude! Museoko Dokumentazio Zentroak bi dohaintza berri jaso ditu. Javier Alday jaunak bere arbaso Roque Alday karlistari lotutako dokumentazio bilduma bat eman digu, azken karlistadari buruzkoa. Museoaren lagun anonimo batek, berriz, 1860ko Afrikako gerran egindako bi grabatu eskaini dizkigu.

Berriro ere, Zumalakarregi Museoari egindako dohaintza batek interesatu guztien esku jartzen du orain arte eskuragaitza izan den dokumentu bilduma bat. Roque Alday karlisten artean komandante eta fiskala izandakoari lotutako dokumentuak dira, bere ondorengo den Javier Alday jaunak dohaintzan utzi dizkigunak.

Roque Alday

 

Bildutako dokumentuak  28 eskuizkribu dira, besteak beste, zerbitzu orriak, ziurtagiriak, izendapenak, pasaportea, e.a, Roque Alday abokatuak azken karlistadan egindako zerbitzuekin lotutakoak eta 1873ko abuztua eta 1876ko maiatza artean idatzitakoak.

Bestalde 11 orrialdeko foileto bat ere utzi digu:  En torno a Santa Cruz. Carta de Don Roque Alday. Donostian 1928.ean argitaratua. Izan ere, Alday karlistek Santa Cruz apaizaren aurkako auzian fiskala izateagatik famatu zen, nahiz eta epaiketa ez zen sekula burutu.

 

Santa Cruz

Santa Kruz apaiza eta bere taldea. Irudiaren iturria.

 

Bigarren dohaintza, berriz, Museoaren lagun anonimo batek egin du, Afrikako Gerrari buruzko bi grabatuek osatzen dute. Arestian erakusketa birtualean aurkeztu genuen gaia, berau osatzeko baliagarriak zaizkigu bi grabatu hauek:

 “Batalla de Tetuán el 4 de febrero de 1860. Toma de la trinchera” eta “Valle y lagunas del Río M’Nuel.”

 Rio M'nuel

VELASCO, Juan. Valle y lagunas del Río M'nuel. Litografia zaharberritu aurretik.

 

Egilea Juan Velasco Gasteizko militarra da.Gerra honetako buruzagietako bat, gertakizunen eta paisaien irudiak marraztu zituen, ondoren espainiar armadak 1861.ean argitaratuko zituenak, Atlas histórico y topográfico de la Guerra de África, 1859 y 1860 liburuan.  Juan Velasco diputatu eta senadorea izan zen eta Alfonso XII izango zenaren ikasketak zuzendu zituen Isabel II.aren aginduz.

 

Juan Velasco

 

 

Juan Velasco, Villa Antoniako Markesa, koroari eskainitako zerbitzuengatik jasotako titulua

 

Grabatu hauek hezetasunak sortutako orbanak zituztenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaharberritze Zerbitzuak garbitu ditu Gipuzkoako Artxibo Orokorraren Tolosako egoitzan.

 

 Batalla de Tetuán

VELASCO, Juan. “Batalla de Tetuán el 4 de febrero de 1860. Toma de la trinchera”. Zaharberritu ondoren.

 

 Gure eskerrik beroenak Museoaren bildumak zabaltzen eta, bide batez, materiale hauek interesatu guztien eskura jartzen laguntzen gaituzten lagun guztiei.