Migratzaileen eguna
2018an Zumalakarregi museoak Migrazioak proiektua martxan jarri zuen.
Museoaren helburu nagusietako bat da XIX. mendeko gertaeren eta gaur egun bizi dugun gizartearen loturaz jabetzea. Horretarako, museoak dibulgazio lan sakona burutzen du formatu ezberdinak erabiliz: bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak, saioak edo kultur ekimenen bidez.
XIX. mendeko euskal gizartean eragin handiena izan zuen gertakarietako bat migrazioa izan zen.
Lehen Karlistaldiaren ondoren, euskaldun askok migratu zuten, gerrak hiru euskal probintzietako baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak suntsitu zituelako.
2019tik 2021era museoan izan genuen "Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat" aldi baterako erakusketak gai hau jorratzen zuen. XIX. mendeko euskal migrazioaren bizipenak eta istorioak islatzeaz gain, gaur egun migrazio prozesua bizi duten pertsonen bizipenak ere erakusten zituen erakusketak.
Horrela, erakusketak XIX. mendeko eta XXI. mendeko migrazioaren errealitateak biltzen zituen. Nabarmendu behar da denbora tarte horretan migratutako pertsonak jatorri ezberdinetik etorritakoak izan arren, haien artean antzekotasunak daudela.
2019ko Migratzaileen eguna ospatzen "Leopoldina Rosa" erakusketan kulturarteko elkarrizketa gunea sortuz
Erakusketa 2021ean amaituta bazen ere, museoak Migrazioak proiektua garatzen jarraitu du, prozesu horren hainbat esperientzia eta errealitate ezagutzeko helburuarekin, kulturen arteko elkarrizketarako espazioak sortuz.
2024 honetan, Proiektuak erakarri duen egitaraua osatzen aritu gara museotik. Martxoan, Ormaiztegiko udalarekin elkarlanean, emakumeen hizketaldi bat antolatu eta bideratu genuen.
Bertan Ormaiztegiko emakume batzuek parte hartu zuten haien bizipenak eta iritziak elkarbanatuz. Jatorri ezberdin eta adin ezberdineko emakumeak bertara hurbildu ziren eta hainbat arlotan izandako esperientziei buruz hitz egin zuten, beren bizitzetan lehentasuna izan duten esparruei buruz eta emakume izateagatik bizi izan dituzten zailtasun eta oztopoei buruz.
Aurtengo martxoaren 1ean ospatu genuen hizketaldian solasean
Martxoan ere, Ormaiztegiko Jubilatuekin elkarlanean, Zumalakarregi museoaren “Elkar ezagutuz/Nos conocemos tomando un té” ohikoa den jarduera ere izan genuen. Kulturarteko eta adinarteko topaketa honetan Museoak XIX. mendetik gaur egunera arte emakumearen ikusmoldeak izan duen bilakaerari buruzko solasaldia dinamizatu zuen, hainbat emakumeen bizipenak eta iritziak partekatuz.
Aurtengo martxoaren 8an solasean
Ekainean Ormaiztegiko Kulturarteko festaren VI. edizioa ospatu genuen. Zumalakarregi museoak Ormaiztegiko udalarekin antolatzen duen proiektu honen egitarauak bi ospakizun ezberdinak erakartzen ditu: Komunitate partaideen arteko merienda eta Kulturarteko festa.
Ekainaren 4ean Kulturarteko festaren antolakuntzan ibili ziren komunitateak bildu ziren elkarrekin meriendatzeko. Honela, elkar ezagutzeko gunea sortu zen. Lehendabizi proiektua aurkezten duen prentsaurrekoa egin genuen udalako, museoko eta komunitateko ordezkariekin.
Ekainaren 4ean Ormaiztegiko Kulturarteko festaren aurtengo edizioa aurkezten
Gero, komunitate bakoitzak haien lurraldeetako plater edo postreren bat ekarri zuten gainontzeko komunitateekin partekatzeko. Aktibitate honek kultur ezberdinen arteko elkarrizketa sortzea du helburutzat gastronomia erabiliz.
Elkarrekin meriendatzen
Ekainaren 9an Kulturarteko festa ospatu genuen 7 herrialde, autonomi erkidego bat eta Euskal Herriaren kulturen hainbat arlo ospatuz. Peruren partaidetza eguna musikarekin girotzen izan zen. Honela guztira 9 kulturen errepresentazioa izan genuen: Ekuador, Frantzia, Kolombia, Nigeria, Nikaragua, Peru, Senegal, Extremadura eta Euskal Herria.
Ekimenari hasiera eman genion parte hartzen zuten herrialde batzuen jantziak erakutsiz desfile baten bitartez.
Festarekin jarraitzeko komunitateek haien jatorrizko lurraldeko jakiren bat kozinatu zuten hurbiltzen zirenentzat.
Festaren egitaraua osatzeko Nigeriar trentza tailerra eta dantza emanaldia izan genuen.
Migrazioak proiektu hau Zumalakarregi museoak jorratzen dituen arlo ezberdinetara egokitu daiteke, Hezkuntza eskaintza horietako bat izanik.
Museoak "Guztiok gara migratzaile" hezkuntza proiektua burutzen du Ormaiztegiko San Andres eskolako LH6ko ikasleek migrazio kontzeptua ezagutu dezaten saiotan landutako teoriaren bidez, ondoren migrazio prozesua bizi izan duten pertsonei elkarrizketak eginez.
Elkarrizketan erabiliko duten gidoia prestatzen
Migrazio esperientziak lehen pertsonan entzutea aberasgarria da haurrentzat, bai eta gaiari buruzko sentsibilizaziorako eta kontzientziaziorako urrats bat gehiago ere.
Elkarrizketatzen
Proiektu honetan jasotako informazioa eta lan prozesua aldi baterako erakusketa gisa ipini genuen Zumalakarregi museoko gela didaktikoan.
Aurtengo Migrazioak proiektuaren egitarauri amariera emateko museoan ohikoa den "Munduko sukaldaritzak" ospatu genuen Ondarearen Europako Jardunaldien (O.E.J.) harira.
Jardunaldien aurtengo "Kulturaren bideak" leloari eutsiz, kultur ezberdinen arteko elkarrizketa sortzeko espazioa sortu nahi izan genuen Ormaiztegin bizi diren jatorri ezberdinetako pertsonen arteko sarea eta lotura sortu zedila gastronomia erabiliz. Hau izan zen ikastaro-topaketaren laugarren edizioa antolatzen hasteko arrazoirik nagusiena.
Marokoarrak oilako olibekin prestatzen
Tailer gastronomikoa amaitu bezain laster partaideok elkarrekin bazkaldu genuen.
Zumalakarregi Museotik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektua bizirik mantentzen dutenei.
Laster arte!