Martxoaren 8ko "Elkar ezagutuz"
Urtero bezala, Zumalakarregi museoak “Elkar ezagutuz” ohikoa den adinarteko eta kulturarteko topaketa antolatu zuen Ormaiztegiko udala eta herriko jubilatuekin elkarlanean.
Zumalakarregi museoak jardueraren solasaldia bideratzen du XIX. mendea eta emakumeak lotuz. Aurten museoak Pankrazia Ollo Matari buruz hitz egin zuen.
Pankraziaren bizitza aurkezten
Pankrazia 1865eko martxoaren 8an zendu zen, beraz, aurten bere heriotzaren 160. urteurrena aprobetxatuz, haren bizitza eta Ormaiztegikin izan zuen loturaz solas egin genuen.
Pankraziaren eskela
Zumalakarregi museorako emakume honen istorioa ezinbestekoa da Tomas Zumalakarregiren emaztea izan baitzen eta, ondorioz, Tomasen alaben ama.
Pankrazia eta Tomasen arteko istorioa azaltzen
Museoak urteak daramatza Pankraziari buruzko informazioa bilatzen eta biltzen korrespondentziaren eta hainbat dokumenturen bitartez, bere historia ikusarazteko asmoz.
Pankraziaren erretratua Zumalakarregi Museoan ikusgai
Maria Teresa Gabarain Arangurenek "Correspondencia de Zumalacárregui en el Fondo Marqués de las Hormazas" artikuloan Pankraziaren gutun asko argitaratu zituen.
Pankraziaren bizitzak XIX. mendean emakumeek aurre egin behar zieten errealitateak islatzen ditu, eta hori hemeretzigarren mendeko historiaren parte ere bada.
2024an, Zumalakarregi museoak "Carliscaturas: Umorea lubaki gisa" aldi baterako erakusketa izan zuen ikusgai. Cesar Oroz erakusketaren egileak Pankraziaren karikatura sortu zuen haren bizitzaren momentu garrantzitsuenetako bat islatuz.
Cesar Orozek marraztutako Pankraziaren karikaturari buruz hitz egiten
Pankraziaren aurkezpenarekin amaitu genuenean, bertan zeuden emakumeei galdetu genien ea Pankraziaren bizitzarekin identifikatuta sentitzen ziren, beren esperientziak partekatzera animatuz. Horrela, topaketan parte hartzen zuten pertsonen arteko elkarrizketarako gunea sortzea lortu genuen.
Solasean
Rosario Berasategi, jubilatuen ordezkaria, horrelako ekitaldiek emakumeen orainean eta etorkizunean duten garrantziaz mintzatu zen.
Rosario Berasategi herritarra hitz batzuk esaten
Ohi den bezala, hitzaldiaz eta solasaldiaz gain, Ormaiztegiko jubilatuek txokolatea eta pastak eskaini zituzten.
Txokolatea hartzen
Hemen Goierri Telebistak egindako erreportaia uzten dizuegu