Kolaborazio emankorra

2021/03/25
Zumalakarregi Museoak lagun asko ditu. Gure bildumak aberasteko modu anitzak daude. Hau da Tomas Ariza lagunak eskaini diguna.

XIX. mendeko grabatuak askotan aldizkaritan argitaratutakoak izaten dira, noizbait bertatik moztu eta gure bildumetara testuingururik gabe iritsiak. Horregatik batzutan grabatu hauen interpretazio okerrak egiten ditugu.

Tomas Ariza bildumagileak ere honelako grabatuak jaso izan ditu eta ahal duenean grabatuei buruzko testuak jasotzen saiatu da. Honela iritsi zaigu, eskerrik beroenak hemendik, alboko grabatuei buruzko informazio osatua.

The Graphic 24-X-74

The Graphic. London 1874ko urriak 24. ZM.

Anbulantzia karlistaren irudi honetan Bidasoa Lastaola inguruan zeharkatzen ari zirela uste genuen, baina Ariza jaunak jasotako prentsa zatiak adierazi digunez, Endarlatsan Santa Cruz apaizak suntsitutako zubiak eragindako eragozpena gainditzen ari dira, Lesakarako bidean.

Teh Graphic 74-X-24

The Graphic. London, 1874ko urriak 24. Tomas Arizaren bilduma.

Izan ere, Somorrostroko zauritu karlisten lekualdatzearen gaia jorratua genuen hemen bertan. Gainera The Graphic aldizkariaren irudi egileetako bat Vincent Kennett Barrington izan zen, Gurutze Gorria erakundearen partaide eta gertakizun honen bultzatzailea. Gurean Jose Antonio Recondok idatzi du berari buruz.

Santurtziko ospitala

Santurtziko ospitalea. Iturria.

Gertakizuna Somorrostroko batailei lotuta dago. Concha jeneral liberalak karlisten Bilboko setioa hautsi zuenean, hauen atzeraldia behartuz, Santurtziko ospitalera iritsi zen eta bertan hainbat zauritu liberal ongi zainduak aurkitu zituen. Ordainean, bertan zeuden 250 zauritu karlistei beraien ospitaletara joateko aukera eskaini zien. Horretarako Vincent Kennett Barrington Gurutze Gorriko partaidearen bitartekaritza erabakiorra izan zen. Zaurituak Santurtzin itsasoratu zituzten, Somorrostro izeneko ontzi britainiarrean, Kennet Barrintongek maiatzak 12 eta 13an zuzendutako ekintzan.

Somorrostro

The Graphic. London, 1874ko irailak 19. Iturria.

Hurrengo egunean Sokoan lurreratu zituzten zaurituak, Behobian muga  zeharkatu eta Lesakako ospitalera maiatzak 15ean iristeko.

Sokoa

Zauritu karlistak Sokoan lurreratzen. Iturria.

Bide horren azken zatiak irudikatzen ditu The Graphic aldizkariak 1874ko urrian, bost hilabete beranduago. Alegia, anbulantzia karlista Behobiako gotorlekutik ateratzen eta anbulantzia karlista Bidasoa ibaia zeharkatzen. Berrogei nola-halako anbulantzietan eraman zituzten 250 zauritu karlistak.

Anbulantzai karlista

Anbulantzia karlista Behobiako gotorlekutik irteten. Iturria.

Zumalakarregi Museoaren eskerrik beroenak gure bildumak osatzen laguntzen diguten lagunei. Bai grabatuei buruzko informazio osagarria eskainiz, Ariza jaunak bezala, baita gure "Azterketak" sailean ikerketak argitaratuz, Recondo jaunaren antzera.

 

Kolaborazio emankorra

Zauritu karlisten garraioa.