Karlisten erbestea Frantzian

2011/03/22 historia
Bi karlistaden ondoren Frantziak jasotako erbesteratuen gorabeherak aztertzen dituen argitalpen berria.

Karlistadak eta beraien ondorioak ez dira frantziar historiografiak askotan landutako gaiak. Horregatik pozgarria da guretzat Rennesko Unibertsitateak argitaratu berri duen Emmanuel Tronco-ren Les Carlistes espagnols dans l’Ouest de la France 1833-1883 liburuaren berri ematea.

 Tronco azala

Egileak liburuaren azalerako hautatutako irudia. Iturria 

Zumalakarregi Museoak Baionako Euskal Museoarekin lankidetzan jorratu zuen gaia duela bost urte antolatutako Mugako nire lagunei erakusketan. Bertan karlistadak Ipar Euskal Erriko ikuspegitik aztertzen ziren. Gainera,  erakusketaren lagungarri, frantziar unibertsitateetako lau irakasleren lanak argitaratzeko aukera izan genuen. Katalogoa

 

A mis amigos

 

Baina gatozen gaurkora. Tronco irakasleak bere doktoradutza tesia, argitalpen honen oinarria, Frantziako erbesteratu karlistei eskaini dio. Gaia Europako iraultzaren aurkako beste mugimenduen artean kokatu du, bereziki frantziar “legitimistei” dagokionez. Lehenengo zatian karlistadak frantziar ikuspegiaren testuinguruan kokatzen ditu. Ondoren, bere lanaren funtsa, frantziar agintariek zein herriak karlista erbesteratuak nola hartu zituzten aztertzea da, bereziki mendebaldean, tradizionalki iraultzaren aurkako lurraldeak zirelako.

 

erbesteratuak

Erbesteratu karlistak Orleansen. Bilduma pribatua. Biiarritz.

 

Azkenik emigrazio politiko honen erretratua burutzen saiatzen da, harrera gizartean izandako integrazioaren azterketa sakona eginez.

Berriro ere gure poza azpimarratu nahi genuke honelako lanen argitalpenaren berri ematean, areago liburu honen irudi guztiak gure museoaren funts ikonografikoetatik eskainiak izan direnez.