Lehen Karlistaldiari buruzko argitalpen berria.

2019/05/31
Mark Lawrence historigile britainiarrak "Las guerras civiles españolas. Una historia comparada de la Primera Guerra Carlista y el conflicto de 1936-1939" lana argitaratu berri du. Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko irudien ekarpena egin du.

Lanaren planteamendua berritzailea da. Harrigarria badirudi ere orain arte ez zegoen Lehenengo Karlistaldia eta XX. mendeko Gerra Zibila erkatuko zituen tamaina honetako lanik.

HORNBROOK, Thomas Lyde. "Attack on the Town of Irun". 1840. Iturria.

Egile britainiarrak 1936ko Gerra Zibilak nazioartean izugarrizko bibliografia duela dio, baina Karlistaldiak apenas ezagutzen direna. Aurrez Lehenengo Karlistaldiari buruzko lana argitaratua zuen, Spain’s First Carlist War, 1833-1840, 2014ean, eta nabari da gaia sakon ezagutzen duena. Besteak beste, Zumalakarregi Museoak irudiz hornitutako beste lan baten erreferentzia deigarri egin zaigu, Emmanuel Tronco egile frantsesarena, alegia.

VANZELLER, Charles. "French legion storming a carlist intrenchment". Iturria.

Oso planteamendu iradokitzailea deritzogu Lawrence britainiarrarena, izan ere ehun urteko aldearekin bi altxamendu gertatu ziren tradizioaren izenean gobernuen aurka. Altxatuak XIX. mendean garaituak izan ziren, XX. mendean, berriz, garaipena lortu zuten.

Liburuak bi gerra zibilen arteko konparazio zehatza egiten du, politikan, gizartean eta arlo militarrean ez ezik, kultura, ekonomia, erlijioa eta, bereziki, nazioarteko testuinguruan.

Mark Lawrencen lan mamitsu hau eskuratu nahi duenak Zumalakarregi Museoaren dendan du aukera.