Juan Pardo San Gil

2013/03/27
Museoaren beste lagun bat joan zaigu. Juan Pardo San Gil ikerlaria zendu da joan den astean

Juan Pardo San Gil ikerlaria Museo honen hastapenetik ezagutzen dugu. Profesionalki beste ardura batzuk bazituen ere, karlismoaren historia bere gai kuttunetakoa izan zen. Ez, noski, bere ikerketa gai nagusia. Izan ere, itsas armadak eta, bereziki, XX. mendeko Gerra Zibileko Euskadiko Gudontzidia zen bere ikerketen helburu nagusia. Berak osatutako webgune aparta dugu honen lekukorik nabarmenena. 

 Juan Pardo

 

Baina zaletasun anitzekoa genuen Juan Pardo. Esaterako, bitxia bada ere, Timor uharteari buruz Europa mailan aditu nagusienetako zen. Gainontzekoak Portugalen kolonia ohi honi buruz izena ere entzun gabea genuenean, berak informazio oparoa jasoa zuen eta Indonesiaren erasoak jasan zituztenean bere elkartasuna agertzen lehenetakoa izan zen.

 Dena den Juan Pardok gurekin zuen harremana, noski, karlistaden inguruan eraikia zen. Esan dugun bezala Museoaren hasiera hasieratik egon zen gurekin harremanetan eta horren ondorioz, gure aldizkariaren lehen alean, berak aurkitutako dokumentu bitxi bat argitaratzeko aukera eskaini zigun, 1839.ean armada karlistak zuen agitura adierazten zuena: Ejército carlista 1839.

 

 AH 1

 

Geroztik lantzean behin izaten genuen Juan Pardoren bisita Museoan edo karlistaden historiari lotutako erakusketa edo liburuen aurkezpenetan topatzeko aukera. Bere lan baten aurkezpena egiteko aukera ere izan genuen, Bigarren Karlistadari buruzko argazkigintzari eskaini ziona, hain zuzen.

 Foto carlista

Ikerlariaren sena zuen eta maiz egiten zituen aurkikuntzak artxibo publiko zein pribatuetan. Bere izaerari buruz zerbait nabarmentzekotan bere eskuzabaltasuna aipatuko genuke. Beti zegoen informazioa partekatzeko prest, beti lankidetza eskaintzen.

Goian bego.