Juan Manuel Besnes zigilutan

2023/07/13
Pasa den astelehenean Montevideoko Museo Nacional Historico-aren egoitzan aurkeztu zuten Uruguayko postak sortutako zigilu berria. Bertan Juan Manuel Besnes Irigoien donostiarrari omenaldia egiten zaio.

Juan Manuel Besnes Donostian jaio zen 1788.ean eta gazterik emigratu zuen Uruguaira.  Hasieran maisu bezala lan egin zuen eta Montevideoko lehenengo eskolak sortzen lagundu zuen. Fructuoso Rivera Errepublikako lehendakariak 1839an Topografia Batzordeko kide izendatu zuen. Beste hainbat lan burutu zituen administrazioan, baina kaligrafo, marrazkilari eta akuarelagile bezala nabarmendu zen.

 Juan Manuel Besnes

J. M. Besnesen erretratua. 1861. San Telmo Museoa. Donostia.

Besnes, ia ustekabean, bere ilustrazio lanen bidez Uruguaiko errepublikaren kronista grafikoa bihurtu zen. Gainera bere jaioterriarekin zituen harremanak ez ziren eten eta egun San Telmo Museoan gordetzen dira hainbat urteetan bidali zituen lanak, besteak beste Donostiako hiriari eskaini zion irudi kaligrafiko hau:

Donostiaco iriari

 Juan Manuel BESNES. “Donostiaco / Iriari, / Bere seme baten / Oroitza”. San Telmo Museoa. Donostia.

Zumalakarregi Museoak "Leopoldina Rosa" aldi baterako erakusketan eskaini zion bere arreta ilustratzaile donostiar honi. Orain Uruguaiko postak zigilu bat eskaintzea erabaki du, bertako "Confraternidad Vasca Euskal Erria" erakundearen ekimenez eta Montevideoko Museo Histórico Nacionalaren laguntzaz.

Joan den astelehenean Montevideoko historia museoan bildu ziren zigulu berriaren aurkezpena egitera eta Besnesi buruzko hitzaldia eskaini zuen bertan Ernesto Beretta historiagileak.

Besnesen ziguluaren aurkezpena

Besnesen omenaldira bildutako zenbait euskal diasporaren ordezkari.

Gure eskerrik beroenak hemendik Alberto Irigoyen lagunari ekitaldi honen berri eskaintzeagatik.