Iztuetari omenaldia Zumalakarregi Museoan
Juan Inazio Iztueta XIX. mende hasierako euskal eragile interesgarrienetako bat dugu. Zumalakarregi Museoak "1839: Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa" erakusketaren barruan zati esanguratsua eskaini dio gertakizunaren lehenengo oroitzapen ospakizunean protagonismoa izan zuen pertsonaiari.
Antonio Valverde. "Iztueta". Kutxa Fundazioa.Donostia.
Izan ere, benetako aitzindaria izan genuen Juan Inazio Iztueta. 1824.ean argitaratu zuen bere Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira. Zenbait euskal ohituren galerak kezkatuta, bereziki dantzei lotutakoak, baina ez hauek bakarrik, Iztueta berauen ezaugarriak jaso eta inprimatuz ondorengoentzat gordetzeaz arduratu zen. Gainera euskaraz, garaian erabat ezohikoa tamalez, oso gutxi argitaratzen baizen gure hizkuntzan.
Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia.
Baina Iztuetak beste lan garrantzitsua eskaini zigun, gure erakusketan ikusgai dagoen Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, alegia, euskaraz idatzitako lehenengo Gipuzkoako historia. Bertan Bergarako besarkadari buruzko bere iritzia jasotzen da, oso aldekoa gainera, Maroto "euscaldunen zorioneraco Cerutic Aingueruac biraldua..." izan zena esatera iristeraino.
Nestor BASTERRETXEA. "Al coreógrafo Iztueta". Basterretxea familiaren bilduma. Hondarribia.
Datorren ostiralean Iztuetak Bergarako Besarkada ospatzeko hautatuko dantzak ikusteko aukera izango dugu Ormaiztegin. Aurrez, Mikel Sarriegi adituak Iztuetaren lanari buruzko zenbait zertzelada eskainiko dizkigu, Aurtzaka dantza taldeko kideek egingo duten emanaldia osatu eta aberasteko asmoz.
Gonbidatuta zaudete!