Iratxeko karlisten ospitalea

2012/08/03 historia
Arestian jasotako dohaintza batean zenbait aldizkari jaso genituen. 1876.go martxoan argitaratutako "Le Monde Illustré" aldizkariaren 986 alean aurkitu dugun Iratxeko ospitalearen irudi ederrak eman digu sarrera honetarako bidea.

Gure aldizkarien bilduma aberastu duen dohaintza batean aurkitu dugu Iratxeko ospitale karlistaren ondoko irudia. Gerra bukatzear zegoela, Parisen argitaratutako Le Monde Illustré aldizkariaren martxoak 3.eko alean agertu zen, karlisten azken porrotaren irudi indartsu hau.

 

Iratxe 76

 

Izan ere Iratxeko monastegiak, Napoleonen tropek gerra ospitale bezala erabili zutenetik, XIX. mendeko gatazka nagusietan erabilera berdina izan zuen.

Lehenengo Karlistadan, 1835.etik aurrera, behin karlistek Lizarra inguruak menperatu ostean, 500 ohe zituen ospitalea antolatu zuten bertan. Mediku, zirujau eta laguntzaileen artean, ia 90 langilek zaintzen zituzten zauritu eta gaixoak. Gerrak aurrera egin ahala, ospitale izateaz gain, karlisten osasungintzaren antolakuntza bertatik zuzentzen zen, baita medikuntza ikasketak eskaini ere.

 

 Ospitaleko gela bat

Iratxeko ospitaleko gela bat. Irudiaren iturria.

 

 Bigarren karlistadan Aiegiko monastegia berriro ere karlisten ospitale nagusia izan zen. Orduan Carlos VIIaren emaztea Margarita buru zuen erakunde berriak kudeatzen zuen, "La Caridad" izenekoak alegia. Izan ere, 1872tik 1876era luzatu zen gerra honetan Penintsulan lehenengo aldiz lanean izan genuen Gurutze gorria erakundeaz gain karlistek bere pareko hau sortu zuten.

 

Iratxe dominak

Irudiaren iturria.

 

 Aurrez osasungintza militar karlistari buruzko sarrera bat ere izan genuen. Gaurkoan Iratxeko ospitale karlistaren irudi desberdinak dastatzeko aukera eskaintzen dizuegu. Bila itzazue beraien arteko desberdintasunak.

 

Iratxe estandarte

Karlisten ospitale nagusiaren beste ikuspegi bat. Irudiaren iturria.