Henningsenen liburuaren aurkezpena

2015/08/04
Datorren ostiralean, abuztuak 7, Nevadako Unibertsitatearekin elkarlanean argitaratzen dugun "The Most Striking Events of a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces" liburuaren berrargitalpena aurkezten dugu Koldo Mitxelena Kulturunean.

Liburu hau lehenengoz Londresen argitaratu zen 1836 hasieran, hau da, Tomas Zumalakarregi hil eta urtea bete aurretik, eta egileak bere esperientzia jaso zuen bertan. Charles Frederick Henningsen, karlisten alde borrokatzera boluntario etorritako eskoziar gazteak, urtebetez Zumalakarregiren alboan gertatutakoak kontatzen ditu, bide batez garaiko Euskal Herriaren deskribapen aparta eskainiz.

Henningsenen azala

Argitalpen berriaren azala.

Jatorrizko testuaz gain Roman Oyarzunek 1937an egin zuen itzulpena ere jasotzen du argitalpen berriak, hau, Eibarko udal liburutegiari eskertu nahi diogu eskuzabalez erraztu digulako. Baita Henningsen berak kanpainan zehar egindako hamaika akuarelen erreprodukzioak ere, egun Museoko bilduma osatzen dutenak.

Hen. akuarela Zuma

Henningsenen akuareletako bat.

Renoko unibertsitatean irakasle eta euskal ikasketen arduraduna den Xabier Irujo arduratu da argitalpenaz eta bertan izango dugu liburuaren aurkezpenean. Alboan Foru Aldundiko Kultura Zuzendari berria, Mari Jose Telleria eta Zumalakarregi Museoko Dokumentazio Zerbitzuko arduradun den Mikel Alberdi.

Soldadu karlistak atsedenean

Soldadu karlistak atsedenean.

Museoak liburua aberasten duten irudiak eskaintzeaz gain, pozik hartzen du Tomas Zumalakarregiren lehenengo biografiatzat har daitekeen lanaren aurkezpen berri hau.