Hainbat ilustratzaile satiriko
Lehenengoa Francisco Ortego (1833-1881) da. Madrilen jaioa, bere garaiko marrazkilari ezagunenetako bat izan zen. Ortegok El Museo Universal, Gil Blas edo El Cascabel bezalako argitalpenetan parte hartu zuen. Berak editatu zituen karikatura litografiatuen bi album. Lehen serieak Menestra titulua izan zuen eta 1869an argitaratu zen.
Ortego. "Nueva Ley de Imprenta". Gil Blas. 1865-III-11.
Ortegok, argitalpen satirikoetan parte hartzeaz gain, Pedro Antonio de Alarconen Diario de un testigo de la Guerra de África ilustratu zuen.
Francisco Ortego. "La infantería española carga a la caballería árabe..." Madrid, 1859.
Dena den, bere irudi satirikoen indarrak egin diote lekua XIX. mendeko ilustratzaile nagusien artean.
Francisco Ortego. "Proyecto de una estatua". Gil Blas. Madrid, 1867.
Gil Blas aldizkarian Josep Lluis Pellicerekin kointziditu zuen, erakusketa honetan gozatu ahal izango duzuen beste ilustratzailea.
Mecachis. "D. Jose Luis Pellicer". La Caricatura. Madrid, 1892.
Josep Lluis Pellicer (Bartzelona, 1842-1901) pintorea eta prentsan argitaratzeko ekoizpen grafikoa uztartu zituen ilustratzailea izan zen. Kronikagile grafikoa izan zen Bigarren Karlistaldian (1872-1876) eta Errusia eta Turkiaren arteko Gerran (1877-1878). Gerrako korrespontsal alderdi honi buruz Jordi Artigasen artikulu interesgarri bat aurkituko duzue gure Ikerketak atalean.
J.L. Pellicer. "D. Tirso Lacalle (el cojo de Cirauqui), jefe de las contraguerrillas del Carrascal." ZM. Iturria.
Pellicer La Ilustración Española y Americana, Le Monde Illustré, L 'Illustration eta The Graphic aldizkarientzat korrespontsala izan zen eta horrek Bigarren Karlistaldiaren protagonista asko ezagutzeko aukera eman zion, tartean liberalen aldeko gerrillari nafar hau. Hala ere, bere irudi satirikoengatik ekarri dugu ona.
J.L. Pellicer. "Revista del mes de junio". ZM. Iturria.
Izan ere, Pellicerrek ez zion utzi aldizkari satirikoetan parte hartzeari, izan Bartzelonan, La Campana de Gràcia, L’Esquella de la Torratxa, zein Madrilgo aldizkarietan Gil Blas edo El Mundo Cómico.
Hirugarren ilustratzailea, Eduardo Sojo (Madril, 1849-1908) marrazkilari errepublikarra dugu. Democrito ezizenez ezaguna denak, marraztutako karikaturak izugarrizko arrakasta izan zuten. Sojo XIX. mende bukaerako espainiar prentsa satirikoaren protagonista nagusietako bat izan zen eta karikatura politiko argentinarraren aita. 1873ko errepublikanismoarekin konprometitua eta Errestaurazioaren erregimenak jazarria, marrazkilari eta argitaratzaile gisa 40 argitalpen baino gehiagotan parte hartu zuen, eta horien guztien artean Don Quijote nabarmendu zen, hiru herrialdetan –Argentina, Uruguai eta Espainia- argitaratuko zuen astekaria.
Errepublikarra, marrazkilaria eta gizon ekintzailea, Sojo XIX. mendearen azken hereneko Espainiako karikatura politikoaren adierazle nagusia izan zen.
Democrito. "Juan Lanas". El Motín. Madrid, 1881-V-8.
Irudi honetan Juan Lanasek Espainiar herria irudikatzen du, bere gainean dituen elementu jasangaitzekin, alegia, karlistak, eliza eta politikoak.
Autodidakta konfesatua, Francisco Ortego bezalako maisuengandik asko ikasi zuela aitortu zuen Sojok, Gil Blas bezalako argitalpenetan erredakzio-mahaia partekatu baitzuen. Pellicerrekin ere lan egin zuen El Mundo Cómico aldizkarian. Gurean, El Buñuelo aldizkarian, izaera politiko eta antimonarkiko nabarmena duen egunkari satiriko eta burleskoan egindako lan bat duzue ikusgai.
Eduardo Sojo. "Aleluyas del Toison". El Buñuelo. Madrid, 1880-VIII-5.
Azkenik Tomás Padró (Bartzelona, 1840-1877) margolaria eta marrazkilaria dugu. Satira soziala eta politikoa landu zituen ilustratzaile gisa, eta historia gaiak, alegorikoak eta paisaia pintore gisa. Hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere lanak, hala nola L 'Illustration, Le Monde Illustré eta La Ilustración española y americana aldizkarietan. Azpimarratzekoak dira Mañé i Flaquer egilearen El oasis. Viaje al país de los Fueros lanerako egin zituen ilustrazioak.
Baina Tomas Padroren lanaren alderik ezagunena karikaturak izan ziren. Bere karikaturak La Campana de Gracia edo L 'Esquella de la Torratxa aldizkarietan agertzeaz gain, El cañón Krupp aldizkariaren irudi guztiak argitaratu zituen. Denen gainetik geratu dira La Flaca aldizkarian argitaratu zituen karikaturak.
Tomás Padró. "Las nuevas cruzadas". ZM. Iturria.
Gogoratu datorren ekainak 20ean, Zumalakarregi Museoan Cesar Oroz irudigilearekin solasaldia izango dugula. Erakusketa honetan bere lanaren gora beherak adieraziko dizkigu, gaur egungo ilustratzaile satirikoaren ezaugarrien berri emanez. Anima zaitezte arratsaldeko 7etan Ormaiztegira hurbiltzera!