Gure lagunen dohaintzak jasotzen jarraitzen dugu

2018/01/18
Joan zen udan Zumalakarregi Museoan azken urteetako dohaintzekin osatu genuen erakusketa. Oraingoan geroztik jasotakoen berri ematera gatoz.

Azken udan aurkeztu genuen erakusketaren ondoren, zorionez esan dezakegu Zumalakarregi Museoaren lagunek bertako bilduma osatzen jarraitzen dutela.

 

Dohaintzak 2017

2017ko udako erakusketa.

Ohikoa denez, jasotzen ditugun materialen artean liburu eta foiletoak izaten dira nagusi. Oraingoan Kataluinatik iritsi zaigu karlismoari buruzko liburu sorta bat, Josep Maria Rafegas zaletuaren eskutik.

Alday

Javier Alday lagunaren dohaintza.

Gertuagotik ere jaso ditugu liburu dohaintzak, Javier Aldayren eskutik karlismoari lotutakoak eta Roman Garridorenetik Donostian harresiak bota zirenean sortu zen eztabaida bitxi bati buruzko foileto parea, alegia, Alamedaren alde eta kontrakoen artekoa.

Garrido

Roman Garridoren dohaintza.

Izan ere, 1863.ean Donostiako harresiak bota zituztenean, Cortazar arkitektoaren proiektuan ez zegoen egun Bulebarra bezala ezagutzen dugun eremurik, etxeak ohiko kale estu baten ondoren eraikitzea zen asmoa. Eztabaida gogor batzuen ostean -foileto hauek erakusten duten moduan- etxeak urrutiago eraikitzearen aldekoek, alegia Alamedaren aldekoek irabazi zuten, ozta ozta, udalaren erabakia.

Alameda

Eztabaidaren bi proiektuak. Irudiaren iturria.

Bestalde Ormaiztegiko 4 postal zahar ere jaso ditugu, Ander Yurritaren eskutik.

Iriarte erdikoa

Eta azkenik, Garmendia-Lasa familiaren eskutik jaso dugun harribitxia, Jose Antonio Apaolaza Aizpiolea (1889-1970) jaunak bildutako bertso paper sorta.

Garmendia Lasa sendiaren dohaintza. Berso berriak

Bilduma 70 bertso paper, 5 liburuxka eta 7 dokumentuk osatua da. Tartean, bertso paperen erabileraren eredu, beste paper baten gainean jositakoak, alegia erabileraren poderioz puskatzen hasitakoak eta ez galtze arren hariz jositakoak.

Zumalakarregi Museoaren eskerrik beroena, berriro ere, bilduma publiko hau zabaltzen lagundu duzuen guztioi.

 

 

 

 

 

 

Gure lagunen dohaintzak jasotzen jarraitzen dugu

Garmendia Lasa sendiaren dohaintza (zatia).