Goierri Eskolako ikasleek amaitu dute beraien lana
Zumalakarregi Museoak, Goierri eskolak eta Ormaiztegiko Udalak sinatutako hitzarmenak duela gutxi fruituak eman ditu. Joan den ostegunean, martxoaren 17an, eskolako Goi mailako mekanika fabrikazioko diseinu ikasleek 3Dan egindako Ormaiztegiko zubiaren maketa (1/100 eskala) entregatzeko ekitaldian hau jaso genuen.
Proiektuaren diseinuan eta garapenean parte hartu duten partaideak
Joxean Txintxurreta eta Ramoni Jauregi, Begiris elkarteko ordezkariak (Gipuzkoako itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzeko elkartea) izan ziren Ormaiztegiko trenzubiaren maketa, Goierri eskolako taldeak 3Dn egindakoa, beren eskuekin baliozkotzeaz eta aplikatutako irisgarritasun-maila egiaztatzeaz arduratu zirenak. Emaitzak aise bete du helburu nagusia, ikusmen desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzea eta ondorioz, gizartearen eskura jartzea baita.
Joxean Txintxurrera 3Dko ternzubiaren maketa haztatzen
Trenzubiaren maketaz gain, ikasleek monumentuaren saretan erabilitako profilen erreprodukzioak eta buloien laginak ere egin dituzte (torlojua edo piezak lotzeko erabiliak), manipulatu ahal izateko eta XIX. mendeko monumentu horren egituraren eta eraikuntzaren ezaugarriak ezagutzeko.
Ramoni Jauregi, biaduktuko saretan erabiltzen diren profilen erreprodukzioak manipulatzen
Elkarlaneko proiektu honek irisgarritasunaren alde sentsibilizatutako hainbat eragile eta pertsona bildu ditu, eta pozik gaude lortutako emaitzarekin. Nabarmendu nahi dugu proiektua garatzeko prozesuak berak ekarri duen aberastasuna eta Goierri eskolako ikasleek erakutsitako inplikazioa eta profesionaltasuna. Gure eskerrik beroenak eta zorionak egindako lanagatik.
Pieza Museoan dagoela, orain musealizatzeari ekingo diogu. Horretarako, maketa bere testuinguruan kokatzeko espazio egokia sortuko dugu, eta aniztasun sozial handiari egokitutako edukiekin osatuko dugu, pertsona guztientzako esperientzia sentsoriala sortu ahal izateko.
Ikusi Goierri Irrati Telebistak egindako erreportaia