Gobernadore baten lintxamendua.

2010/08/11 artxiboa
Mª Cristina erregeordea 1812ko Konstituzioa aldarrikatzera behartu zuen La Granjako sarjentuen matxinadaren ostean, 1836.eko udan, Vicente Quesadak, ordura arte Gaztela Berriko gobernadore eta kapitan jenerala zenak Madrildik ihes egin zuen, baina Hortalezan atxilotu zuten. Hiriburutik zetorren jendetzak espetxea erasotu, jenerala erail eta gorpua herrixkako kaleetan zehar txikitu zuen.

Vicente Quesada jenerala, Hirurtekoan gobernu liberalaren aurka altxatutako militar absolutisten artean nagusienetakoa, 1833an matxinatutako karlisten aurka lerratu zen. 1834ko otsailean Iparreko Armadaren general nagusi izendatua izan zen eta Hirurtekoan bere menpeko izan zen Zumalakarregirekin saiatutako akordioaren porrotaren ondorioz, karlisten aurkako neurri zorrotzak hartu zituen, “Kuartelik gabeko gerra” deiturikoa eraginez.

 

Vicente Quesada

 

Moncayoko Markes izendatu zuen Mª  Cristina erregeordearen ezinbesteko sostengua bihurtu zen Quesada, 1835eko abuztuan Madrilgo Milizia Nazionalaren matxinada zapaldu ostean. Urtebete beranduago La Granjako sarjentuen matxinada eman zen, Quesada Gaztela Berriko gobernadore eta kapitan jenerala zela, hau da, hiriburuko militarren nagusia. Mª Cristina 1812ko Konstituzioa aldarrikatzera behartu zuen matxinatuen arrakasta politikoak bera Madrildik ihesean jarri zuen. Hortaleza herrian atxilotu zuten eta 1836ko abuztuak 15ean, hiriburutik zetorren jendetzak espetxea erasotu eta Quesada erail zuen. Herrixkako kaleetan jendetzak gorpua txikitu zuen.

 

Quesada erasotua

 

Egun hauetan Madrilen zegoen George Borrow, misiolari ingelesak honela dio:

“Arratsalde hartan kafetegian eserita nengoen, edabe ilun haren katilu bat hartzen, kalean soinu eta zaratak entzun zirenean; nazionalak ziren espediziotik bueltan. Minutu gutxira beraien talde bat kafetegian sartu zen; binaka zihoazen, besotik helduta, konpasari jarraiki gogor zapalduz. Kafetegi zabalari buelta eman zioten, builaka ondoko bertsoa kantatuz:

   Zer jaisten da
   muino horretatik?
   Ta ra ra ra ra
   zakurrak dakarzkien
   Quesadaren ezurrak dira   .
   Ta ra ra r ara.

Kafe kaiku haundi bat eskatu zuten ondoren, eta mahai gainean utzirik, nazionalak inguruan eseri ziren. Isilune bat gertatu zen, deiadar batek moztua, “¡Zapia!”. Zerbait biltzen zuen zapi urdin bat atera zuten; askatu eta esku odoltsu bat eta moztutako hiruzpalau hatz agertu ziren, kaikuaren edukina eragiteko zerabiltzatenak. “¡Katiluak, katiluak!”, oihukatu zuten nazionalek...”

BORROW, George. La Biblia en España. Madrid: Alianza, 1970. 185-186 ork.