Gizon askeen bataloia Behobian
Paisaiaren kokalekua Behobiako auzoa dugu, Bidasoa ibaiaren bi aldeetara, eta historigunea 1823ko apirilak 7a. Kontuan izatekoa da garai honetan ez zegoena zubirik bertan, ibaia zeharkatzen zuen gabarra besterik ez zegoen Espainia eta Frantziako erreinuak banatzen zituen muga honetan. Hau genuke lehenengo hausnarketa: aztertzen ari garen momentuan ez zegoen zubirik Behobiako ibian.
Urte batzuk lehenago eraiki zen lehenengoa, iraultzaile frantsesek, bere erregeri lepoa mozteak eragindako Konbentzioaren kontrako gerran hain zuzen. Errepublika zale frantsesek eraiki zuten beraz Behobiako lehen zubia helburu militarrek bultzatuta. Izan ere, Aintzin Erregimenean ez zuten zubiaren beharrik ikusten, edota ez zuten lehenesten. Alegia, nahikoa zuten gabarra baten bitartez ibaia gurutzatzea eta paisaia honen aldaketa gerra batek eragin zuen. Zubi honek lauzpabost urte iraun zuen eta XIX. mende hasieran, ordura arte bezala, gabarren bitartez gurutzatzen zen Bidasoa.
Charles Mercereau. "Pont de Behobie sur la Bidassoa". Paris, 1853. Iturria.
Mercereauren grabatu honetan ikus daitekeenez gabarrak ugariak ziren Pausun zubia eraiki eta gero ere.
Bigarrena ingeniari frantsesek eraiki zuten berriro 1803.ean, Gipuzkoako Diputazioaren gogoen kontra orain ere. Probintzia zubirik gabe jarraitzen ahalegindu zen baina ez zegoen Espainiako erreinua Napoleonen helburuen kontra joateko moduan. Oraingoan gerrak suntsitu arazi zuen, Napoleonen tropek hain justu, 1813ko ekainean Gasteizko porrotaren ostean.
Beraz, aztertu nahi dugun momentu historikoan, 1823ko apirilaren hasieran alegia, ez zegoen zubirik Behobiako ibian. Hirugarrena ezartzera zihoan Angulemako dukea buru zuen frantziar armadak. Berriro ere helburu militarrek bultzatuta eta, probisionalki, txalupen bitartez eraikitako zubia.
Charles Le Camus. "Passage de la Bidassoa : exécuté par l'Armée FranÇaise sous les ordres de S.A.R. le Duc d'Angoulęme, le 7 Avril 1823". Paris, 1824. Iturria.
Armada frantsesak eraikiko du berriro ere, baina oso bestelako armadak. Izan ere, “San Luisen Ehun MIla Semeak” bezala izendatuko den ejerzitoa da oraingoan Espainian Hirurteko liberala lez ezagutzen den prozesuari bukaera ematera etorritako armada. Paradoxikoki arestian Espainiara etorritako armada frantsesek iraultzaren ideiak zabaltzera etorriak ziren, Kobentzioarenak (1794-95) lehen eta Napoleonenak (1807-1813) ondoren. Baina Napoleonen porrotak Europako potentzien oreka desberdina ekarri zuen eta 1823an absolutistak ziren nagusi, baita Frantzian ere.
Fernando VII.ak 1820an egindako zin egiteak, -“Marchemos francamente, y yo el primero, por la senda constitucional “ esan zuen erregimenak porrot egin zedin konspiratzen hasi zen bezain laister- Cadizko konstituzio liberala indarrean jarri zuen. Europa mailan eredu harriskutsutzat hartu zuten Espainiako esperientzia liberala eta potentzia nagusiak ados jarri ziren armada baten bidez saioa zapuzteko.
MARTINET. “Fernando VII jurando fidelidad a la Constitución de 1812”. San Telmo Museoa.
1823ko apirilak 7an Bidasoaren Irungo aldean, Behobiako auzoan, 200 bat frantziar inperioko soldadu, hau da Napoleonekin ibilitako beterano atzerriratuak, garrasika zebiltzan ibaiaren bestaldeko soldadu frantsesak geldi arazteko asmoz: “Biba Enperadorea!” “Biba Askatasuna!” ohiukatuz eta “La Marseillaise” kantatuz, “Gizon askeen bataloia” zen eta gehienak frantziar inperioko uniformea zeramatzaten hiru koloredun bandera astitzen zuten bitartean.
Clerjon de Champagny soldaduak kontatzen digu, bere Album d’un soldat pendant la campagne d’Espagne en 1823 liburuan nola Vallin Mariskalak agindu zuen errepublikazaleak isilarazteko kanoikada batez tirokatzea.
Victor ADAM. “Passage de la Bidassoa”. Baionako Euskal Museoa.
Champagnyk, fanatikotzat bazituen ere, penaz kontatzen digu nola hogei bat errepublikazale hil ziren, besteak sakabanatzen ziren bitartean. Izan ere aberkidetzat zituen eta, urte batzuk lehenago, armada kide izanak baiziren.
Clerjon de Champagny. "Irun". Paris, 1829. Iturria.
Hona hemen hausnarketarako paisaia historikoa: “nazioarteko” zubirik gabe itsasoratzear dagoen Bidasoa, iparraldeko Behobian Borboien bandera zuripean datorren armada frantziarrak ibaiaren bestaldean hiru koloredun banderapean dauden inperioko soldadu frantsesak erasotzen, “Gizon askeen batailoia” alegia.1823ko apirilak 7a zen. Berriro ere absolutismoa gailentzen zen.
Bestalde baditugu atzerriratu politikoak, monarkia borbonikoa eta soldadu frantziar monarkiko eta errepublikazaleak –agian ezohiko kokaguneetan- eta Europako potentziek agindutako interbentzio militarra, edota zubia eraiki berri dieten izen bereko bi auzo ibaiaren bi alboetara.
Louis-Julien Jacottet "Pont d'Irun sur la Bidassoa : a Behobie". Paris, 1835. Iturria.