Espoz Minaren heriotzaren urteurrena

2014/12/10
Datorren igandean, abenduak 14, beteko dira 178 urte Francisco Espoz Mina gerrilla buruzagi eta liberal nafarra hil zela.

 

 

Francisco Espoz Minaren ospea Napoleonen aurkako gerran lortu zuen gerrillari taldeen buru bezala. Nafarroan bereziki, baina baita Gipuzkoan eta Aragoin frantziar gudarostea behin eta berriz borrokatuz, espainiar armadako brigadier izatera iritsi arte.

 

Espoz

 Nicolas Eustache MAURIN : “Mina Virey de Navarra”. Baionako Euskal Museoa. Irudiaren iturria.

Handik aurrera liberalismoaren aldeko lan nekaezinean murgildu zen, birritan atzerritik (1814-1820) eta (1823-1833), bai Frantzia eta baita Ingalaterratik, besteetan gerrillari erregetiarren edota karlisten aurka, armada liberalean ardura nagusiak bereganatuz.

 

Fco Espoz

J. Cuevas. Francisco Espoz y Mina. Irudiaren iturria.

Bere bizitzan zehar oso ankerra izatea egotzi izan zaio Espoz Minari, bereziki Lehenengo Karlistadan agertutako jarrera gogorragatik. Besteak beste Lekarozen agindu zituen fusilamenduak eta herriaren erreketa, zein Katalunian liberalen buru zegoenean Cabrera karlistaren ama fusilatzea baimendu omen zuelako.

 

Cabreraren ama

 Manuel Miranda. “Es fusilada la madre de Cabrera”. Irudiaren iturria.

Badugu gurean Javier Álvarez Caperochipiren ikerlan interesgarri bat, non medikuntzaren aldetik aztertuz, Espoz Minaren zenbait jarrera, justifikatu gabe ere, errazago uler daitezkeen. Alegia, liberal nafarrak urte askotan urdaileko ultzera jasan zuena, azkenean minbizia eta heriotza eragingo ziona.

 Minaren heriotza

Espoz Mina jeneralaren heriotza 1836ko abenduan. Irudiaren iturria.

Hil ondoren Juana Maria de la Vega bere emaztea arduratu zen Espoz Minaren oroimena zaintzeaz. Minaren memoriak argitaratu zituen eta bere senarraren zenbait objektu oparitu zituen balentria militarren ordainean aurreko sarrera batean aipatu genuenez.