Erakusketa berria inauguratuko dugu ekainaren 9an

2016/06/03
Datorren ekainaren 9an "1839 Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa" erakusketa inauguratuko dugu arratsaldeko 19:00etan.

1839. Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa erakusketa Ikerketa-kasu bat da, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua programako Bake-ituna proiektukoa, eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan egongo da ikusgai ekainaren 9tik abuztuaren 23ra. Ondoren Bergarako Laboratorium museora joango da erakusketa.

Oda a la Paz

"Oda a la paz". Arxiu Històric de la Ciutat de Barcelona.

Bergarako Besarkada —egiari zor, besarkadak— 1839ko abuztuaren 31n izan zen Bergaran, eta bi egun lehenago Oñatin adostutako hitzarmena berresteko egin zen. Bi armadetako buruek egin zuten keinua, beren printzipioak “prestuki” aldeztu zuten borrokalarien arteko anaitasunaren sinbolo gisa. Egunean zehar, berriz errepikatu zuten imintzioa hiribilduan bildutako batailoien aurrean, batailoiak bezperatik ari baitziren gerraren amaiera eta foruekiko errespetua ospatzen, Felipe María Azkona alkateak balkoitik aldarrikatu zuenez (“foruak, bakea eta adiskidetasuna”, haren hitzetan).

Lipchitz

Jacques LIPCHITZ. "The Last Embrace II". Bilboko Arte Ederren Museoa.

Armada liberaleko eta karlistako buru ziren Baldomero Esparteroren eta Rafael Marotoren arteko Bergarako Besarkadak Lehen Karlistadaren amaiera eszenaratu zuen Euskal Herrian. Don Karlosen jarraitzaileetako batzuek ez zuten Bergarako ituna onartu, baina, dena dela, irtenbidea eman zion gatazkari foru-transakzioaren bidez. Garai hartan, euskal herritar askok onartu zuten irtenbide hori, gogo onez onartu ere, baina foru-transakzioaren kontzeptuari buruz izandako interpretazio desberdinen ondorioz, azkenean, bake-ituna funtsezkoa izan zen sistema ezeztatzeko. Proiektu honi esker, eztabaidan jar ditzakegu Espainiako tronua lortzeko gehienbat Euskal Herrian garatu zen liskarra argituko zuen gerraren amaierari buruzko interpretazio batzuk.

Arabako Artxiboa

"El Correo Nacional nº 955. 31-VIII-1840". Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia. Gasteiz.

Mikel Alberdi komisarioak honela idatzi du: "Euskal imajinarioan bake-itunik bada, Bergarako
Besarkada da itun hori, zalantzarik gabe. Amaiera eman zion sei urtez Euskal Herria erraustu zuen gerra bati, konfrontazio zibil baten agertoki nagusia bilakatua baitzen Euskal Herria, eta Espainiako erresuman Antzinako Erregimenetik sistema liberalera igarotzea baitzegoen jokoan. Paradoxikoki, biztanleek gogo beroz hartu zuten akordio hura, azkenean, foru-eskubideen galeraren hasieraren sinbolo bilakatu da, eta, beraz, konnotazio txarrez kutsatu da”.

Urteurrena

J.A. SAEZ: "Aniversario del Convenio de Vergara". San Telmo Museoa. Donostia.

Erakusketa honetan, Bergarako behin betiko Hitzarmenaren aurretik, bake-itunak egiteko izan ziren ahaleginak bildu ditugu. Bergarako Besarkadaren keinua da ardatza, duen ikonografia eta bibliografia zabalarekin, eta, horren ondoren, beste “besarkada” batzuk aipatzen ditu, kontzeptuaren ikuspegi garaikidea izateko. Horrez gain, Besarkadaren ondorengo oroitzapen-ospakizunak berrikusiko ditugu, Bigarren Karlistaldiaren hasierara arte luzatu baitziren, nahiz eta pixkanaka makaltzen joan, hainbestetan proiektatu baina –behin-behinean izan ezik, lehen  urteurrenaren grabatu batean agertzen denez– sekula altxatu ez zen monumentuaren antzera. Keinua eta interpretazioa.