Eguneko ibilbideak taldeentzako Goierrin

2023/04/24
Goierri eskualdearen kulturaren hainbat alderdi publikoei luzatzeko asmoz, bertan burutzeko ibilbide ezberdinak sortu ditugu turismo ekipamenduen artean.

Azkeneko hilabeteetan, Goierri Turismo (Goitur) eta Goierriko ekipamendu turistikoak (Ardixarra etxeaDelikatuzEuskadi Basque Country turismoaEuskadi gastronomikoaGipuzkoa turismoaIdiazabal turismoaIgartza BeasainOrdiziako azokaZerain turismo bulegoa eta Zumalakarregi museoa) gure eskualdea ezagutzeko ibilbideak sortzen eta adosten aritu gara. 

Sortu dugun proposamen turistiko berri hau Eguneko ibilbideak taldeentzako Goierrin du izena eta pasa den martxoaren 21ean aurkeztu zen Ordizian. 

Lan taldearen argazkia

Lan taldea ibilbideen aurkezpenean

Proposamen turistiko hau lantzeko garaian, Goierrin jorratzen diren gaiak islatzeko asmoz, hiru gai ezberdinak hartu dira kontuan: gastronomia, burdinaren eragina eta emakumeen egoera.

Hiru ibilbideak izendatuta

Adostu ditugun ibilbideak

Lehenengo ibilbidean gure kultura goierritarraren ezaugarrietako bat ezagutzeko, bertako gastronomiara hurbiltzeko proposamena luzatzen da.
Ibilbide honen bidez, gure lurraldeko produktu gastronomiko garrantzitsuenetako batzuen jatorria eta ekoizpen-prozesua ezagutuko ditugu: Idiazabal gazta eta taloak. Bisita asteazken batean egiten bada, Ordiziako nekazaritza-azoka famatua , 1512. urtetik egiten dena, ezagutzeko aukera dago.
Ibilbide gastronomikoaren aurkibidea
Bigarren ibilbidea burdinari dagokio.

Ibilbide honen haria burdingintza da, burdinaren ustiaketa eta ondorengo lana, eskuz zein modu industrialean, baita honen erabilera arkitektonikoa ere. Burdina ezinbesteko erreferentzia dugu euskal historia eta oraina ulertzeko.

   Burdinaren indarraren ibilbidearen aurkibidea   

Burdinaren indarra ibilbidea

Bertan, Ormaiztegiko trenzubia azaltzen da siderurgia prozesuaren azkeneko emaitzaren eredu gisa.

Museoan trenzubiari buruzko bi eskaintza ditugu. Alde batetik, trenzubiaren historia ezagutzeko bisita gidatu bat dugu eta bestaldetik, trenzubiaren maketa irisgarriaren modulua dugu ikusgai.

Azkenik, hirugarren ibilbidea emakumeei zor diegun tokiari dagokio. 

Historian zehar emakumeek garrantzia handia izan dute, nahiz eta ez den kontatu izan. Bisita hauetan emakumeak plazaratu nahi dira, beraien historia eta bizipenak kontatuz.

   Emakumeak plazara ibilbidearen aurkibidea

Emakumeak plazara ibilbidea

Zumalakarregi museotik Pankrazia Ollo-ren irudia proposatu dugu gure emakumeen bisita gidatua aurkezteko. Pankrazia Tomas Zumalakarregiren emaztea zen eta XIX. mendeko beste emakumeek  bezala, bere familiako gizonen itzalean bizi behar izan zuen. Museoan lantzen ditugun edukiekin zerikusia duten emakumeei buruzko bisita gidatua egin dugu, Pankrazia irudi nagusia izanik.

Ibilbide hauen informazio gehiago nahi izanez gero gure web orriko Inguruko baliabide turistikoen atalean topatu dezakezue.