Donostiako Panorama
Duela 18 urte Gipuzkoako Foru Aldundiak ia hiru metroko luzera duen sei zatitan banatutako akuarela bat erosi zuen Londresen, Donostiako Panorama, Zumalakarregi Museoaren bildumen parte izateko.
Panoramaren bi zati.
Panoramak, hau da 360ºko ikuspegia eskaintzen duten irudiak modan jarri ziren XIX. mendean aurrekoan adierazi genuenez. Europa guztian zehar zabaldutako irudiak egiteko formatu hau gurean oso bitxia da.
Egungo Gros, Egia, Altza eta Loiola aldeko ikuspegia gure Panoraman.
Thomas Staunton St. Clair egile britainiarrak egin omen zuen Donostiako Panorama hau ez zaigu osorik iritsi. Bi zati falta zaizkigu eta markaturik dauzkan puntuei buruzko legendarik ez dugu. Beraz jolas baten bitartez puntu hoien identifikazioa bilatuko dugu. Ikertu eta irabazi! da jokoaren izena eta Zumalakarregi Museoaz gain, Urgull mendiko Mota Gazteluaren Historiaren Etxea, Bodegón Alejandro eta K6 kultur gestioa enpresaren ekimen bateratua dugu.
Hernaniko bidea erakusten duen Panoramaren zatia
Jolasari buruzko argibide guztiak Ikertu eta irabazi! webgunean aurki ditzakezu. Jolasari buruzko zalantza edo kezkak adierazteko blog honetan bertan egin ditzakezu zure komentarioak.
Parte har ezazu. Zorte on!!!