Donostiako estanpak eta beste
SanTelmo Museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumekin osatu da "Urgullen magalean: Donostiako estanpak" erakusketa.
Zumalakarregi Museoaren ardatzetako bat gure grabatu bilduma aberatsa dugu. Bere ezagutza modu desberdinetan zabaltzen saiatu gara, besteak beste 2009.ean, "Begiratu...ikusi...aurkitu: inspirazioa ala plagioa XIX. mendeko grabatuetan" webgunearekin. Proposamen haren ildoa jarraituz dakarkigu gaurko sarrera.
Thomas Lyde HORNBROOK. "San Sabastian from the Convent of St. Francisco." London, 1840. Iturria.
Erakusketan ikus dezakegun irudi eder hau Britainiar Legio Laguntzailearen partaide izan zen Thomas Hornbrooki zor diogu. Karlistaldi ostean Londresen argitaratu zuen Twelve Views in the Basque Provinces illustrating several of the actions in wich the British Legion was engaged with Carlist Troops liburuan aurkitzen da.
Richard Lyde HORNBROOK."San Sebastian - Part 1". 1837. Iturria.
Akuarela hau, berriz, aurrekoaren aita zen Richard Hornbrook britainiar itsas armadako partaideak egina da. Foru Aldundiak bere koaderno zoragarri bat du bere bildumetan. Aita semeen lanak bildurik eskaintzen ditugu gurean ere.
"View of the citadel and walls of San Sebastian". London, 1839. Iturria.
Grabatu hau beste Legio Britainiarreko partaideak argitaratu zuen Londresen 1839.ean. History of the British Legion and war in Spain liburuan, Alexander Sommerville ofizialak.
Hélène FEILLET. "St. Sebastien". Baionako Euskal Museoa.
Marrazki hau emakume margolari honen ariketa bat izan daiteke. Feillet ahizpek Euskal Herriko hainbat paisaia estanpa litografikoetan jaso zituzten eta gida turistikoetan zabaldu.
"Vista general de S. Sebastian en 1836". Barcelona, 1879. Iturria.
Urte batzuk beranduago, Joan Mañé i Flaquer kataluinarraren El Oasis: Viaje al País de los Fueros liburuan aurkitzen dugu berriro irudia.
"San Sebastian el Año 1836". Donostia, 1890. Iturria.
Mende bukaeran oraindik aurkitzen dugu irudi berdinaren bertsioa.
Eugenio ARRUTI. "Arenal de Gros". Banco de Sabadell bilduma.
Azkenik, marrazki eta estanpetan orain arte, olio margoak ere egin ziren Donostiaren ikuspegi honekin. Eugenio Arruti (1845-1889) margolaria Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu zuen bere formazioan eta Carlos de Haes ospetsuaren ikasle izan zen.