Donostia inguruko Paisaia-mapa zoragarria Zumalakarregi Museoan.

2024/08/06
Oleaga-Pont bilduma pribatuak Zumalakarregi Museoari utzitako pieza bitxi honen izenburua: “Donostiatik Irunera, Hernanira, Hondarribira eta Pasaiara bitarteko herrialdearen paisaia-mapa.” Adderley Willcocks Sleigh kapitainak egina. Uda honetan Ormaiztegin ikusteko aukera paregabea duzue.

Jakina da Lehenengo Karlistaldian Europako potentzia liberalek, Erresuma Batua, Frantzia eta Portugalek alegia, tropak bidali zituztela karlisten altxamanduaren aurka borrokatzera.

Legio frantsesa


Charles VANZELLER. "French legion storming a carlist intrenchment." Iturria.

Zalantzarik gabe Britainiar Legio Laguntzaileko partaideen artean gatazka honi buruzko irudi interesgarrienetako egileak aurki ditzakegu. Bai mapak eta bai gatazka edo paisaien irudiak britainiar egileak dituzte gure bildumetan. Hornbrook aita semeak, Henry Wilkinson, Sidney Crocker eta Bligh Barker, besteak beste, Britainiar Legioko partaide izan ziren eta ilustratzaile paregabeak, bere garaian antolatu genuen “Basque Sketches” aldi baterako erakusketan erakutsi genuenez.

 Richard Hornbrook

 Richard Hornbrook. "A view of Sn Sebastian from the Rope Walk going to the Castle." Iturria.

Oraingoan, Oleaga-Pont bildumaren arduradunei esker, Zumalakarregi Museoan mapa oso berezia aurkezteko aukera dugu, Musealiak gunean, Addesley W. Sleigh Britainiar Legioko artilleria kapitainaren “Landscape Map of the intermediate country from San Sebastian to Irun, Hernani, Fuenterabia and Passages”.

Sleigh Landscape map

 Mapa honen berezitasuna  txori-begi erdiko ikuspegia dugu, paisaia mapa bihurtzen duena eta benetan bitxia egiten duena. Lehenengo Karlistaldiari dagokionez, sekula ikusi ez dugun mapa mota da eta, gainera, ez dugu beste inongo bildumetan alerik ezagutzen. Beraz, uda honetan Zumalakarregi Museoak eskaintzen duen aukera aparta da, kartografia harri bitxi hau gertutik ezagutzea.

 Donostia ingurua

 Addesley W. Sleigh. "Landscape Map..." Xehetasuna.

Datarik ez du mapak baina Londresen 1837ko abuzturako argitaratua zegoen, izan ere, The United Services Magazine aldizkarian ondoko aipamen hau aurkitu dugu.

United Services Journal

 

Alegia, “Oso ikuspegi bitxia da, txori-begi erdikoa, Donostiatik Irun, Hondarribia, Pasaia eta Hernani erdibidean dagoena, Britainiar Legioaren eta bertakoen arteko gerrarena. Altxatutako mapa horrek, eskala handian, lurra irudikatzen du bere ondulazio ugarietan, eta hain zuzen ere, Bizkaiko golko ondoan dago. Postu, ibai eta bide ezberdinak, gainean tropen zutabeak dituztela, hemen daude izendatuta, eta Hernanitik gertu dauden azken gatazkak jarrai daitezke.”

 Colonel Ramsay. Oriamendi.

Colonel RAMSAY. "A  view of the positions of the anglo-christinos, and the carlists before San Sebastian..." Iturria.

Aipamen honek dioen bezala Britainiar Legioaren hainbat ekintza adierazten dira bertan, mapan ezarritako erreferentzien bitartez edota ohar zabalen bidez. Hona hemen 1836ko udan Hondarribira egindako erasoaren berri ematen duena:

“Uztailaren 10ean, gauez, Ametzako gainak utzi zituzten lerro mugatuago batean kokatzeko; Pasaiako Portua almadiaz zeharkatu eta Jaizkibel mendira igo ziren indar erabilgarri guztiak Hondarribira bidean aurrera jarraitu zuten, itsasoarekiko paraleloan zeuden gailurretan zehar, eta (H K) puntuak Shaw jeneralaren brigadak erasotu eta galanki eraman zituen, H.C.M.ren txalupen eta bereziki ontzien eta Kapitainaren arteko elkarlan aktiboan ziharduten bitartean. Etsaiek atzera egin zuten Aranboneako zubiaren gainetik, eta, hura defendatuz, ezkerretara jo zuten, eta I. puntuaren eskuineko hegala mehatxatu zuten. Gure tropek Guadalupeko gainak utzi zituzten, eta Pasaiara atzeratu ziren.”

Sleigh. Hondarribia

 Addesley W. Sleigh. "Landscape Map..." Xehetasuna.

Hemen Legio Britainiarrak Hondarribia hartzeko ahalegin honi buruzko artikulu interesgarria.

Thomas Hornbrook. Hondarribia


Thomas Lyde HORNBROOK. "Fuentarabia from the River Bidassoa." Hondarribiko Udal Artxiboa.

Mapa honen egileari buruz, Adderley Willcocks Sleigh badakigu Britainiar Legioaren artilleriako kidea izan zela. Gaueko telegrafo modelo bat eraiki zuela eta itsas antolakuntzari buruzko hainbat liburu argitaratu. Mauritaniari buruzko lan bat ere plazaratu zuen. Poesia ere argitaratu zuen, besteak beste,The Prince of Panama erromantzea.

Sleigh. The Prince of Panama

 

Lerro hauetatik gure eskerrik beroenak Oleaga-Pont bildumaren arduradunei Zumalakarregi Museoan kartografia pieza bitxi hau aurkezteko aukera eskaini digutelako.

Oleaga-Pont bilduma