Dohaintza egileei omenaldia

2014/02/20 dohaintzak
Zumalakarregi Museoak mende laurdena betetzear gauden honetan, dohaintza emaileak eskertu nahi ditu. Martxoaren lehenean, omenaldia bihurtuko den bilera bat antolatu dugu Ormaiztegin.

Zumalakarregi Museoaren 25 urteetako ibilbidean dohaintza ugari jaso ditugu.

Hombrados

Hombrados de Oñativia. Zumalakarregiren erretratua. Ormaiztegiko parrokiak 1993an utzia.

 

Hemen azken urteetako dohaintzen berri eman izan dugu zenbait sarreretan, noiz grabatu bat zein  liburu bilduma bat.

 

Zumeta

Julian Zumeta, Tolosako boluntario liberalen buruzagi izandakoaren kasaka. Ramona Zumeta bere ondorengoak 2007an Museoari utzia.

 

Dohaintza hauen zerrenda egiterakoan, liburu zein aldizkariak, baita dokumentuak eta grabatuak gailentzen dira, baina bestelako objektuak ere jaso izan ditugu, garaiko bala edo baionetatik hasi, pintura eta eskulturatik pasa eta boluntario liberalen jaka edota karlisten banderaraino iritsiz.

 

bandera karlista

Ormaiztegiko Jose Azurmendi jaunak 2001.ean egindako dohaintza

 

Izan ere, museoen helburuen artean bilduma osatzea eta zabaltzen joatea nagusienetakoa dugu. Ondarea zaintzeko lehenik identifikatu beharra dago, ondoren eskuratu eta ikertu, modu aproposean babestu eta, azkenik, merezi duen difusio eskaini. Museoek batzuetan ondarea salbatzeko erosketak egiten ditugu. Besteetan biztanleriaren eskaintzak jaso. Etxean XIX. mendeko objektu, artelan, liburu edo dokumentuak enbarazu egiten dizutela? Zatoz Zumalakarregi museora. Bertan erantzungo dizugu eta herriaren esku geratzen den ondarea zabaltzearen poza zuretzat izango da.

 

Urangaren ezpata

Uranga jeneralaren ezpata. Tolosako Aita Sakramentinoak 2001ean utzia.

 

Datorren martxoak lehenean burutuko dugun emaileen bilera honetan Zumalakarregi Museoak eskerrik beroenak eman nahi dizkie bere bilduma osatzen lagundu duten pertsona guztiei. Tamalez ez dugu guzti guztiekin kontaktatzerik lortu, beraz bihoakie hemendik gonbidapena zuzenean jaso ez dutenei ere. Bide batez, jendea dohaintza berriak egitera animatu nahi genuke lerro hauetatik.