Carlos Vanzeller berriro
Duela hilabete pare bat eman genuen Carlos Vanzeller ilustratzailearen hainbat akuarelen erreprodukzioak jaso genituenaren berri. Oraingoan beste irudi batzu dakarzkigu bere lanaren bikaintasuna berresteko. Civil War in Spain: Characteristic Sketches of the Different Troops, Regular and Irregular, Native and Foreign, Composing the Armies of Don Carlos and Queen Isabella and Costumes of the Spanish Peasantry albumean agertutako grabatuarena esaterako.
Charles Vanzeller. “Carlist Infantry & Encampment” ZM. Iturria.
Litografia honen deskribapenak hala dio: "lehena Gerrillari bat da, armadari atxikia." Bigarrena eta hirugarrena "Lerroko soldadu erregularrak dira, eta horietatik 10-12 erregimentu daude. Ez dago tropa hoberik munduan behartutako martxa baterako. Txapel eskoziar antzeko bat erabiltzen dute, Frantzian "euskal txanoa" deitzen dena, eta jeneraletik behera armada karlistaren burukoa dena. Daramaten ekipaje bakarra motxila bat da, sorbalden gainean zintzilik, hirurogei kartutxo dituen poltsa bat, gerriari lotuta, baioneta biluzia pasatzen den tokia; oinetan sandaliak daramatzate, larruz edo lihoz eginak."
Hona hemen litografia honek oinarrian duen akuarela.
Carlos Vanzeller. “Guerrilheiros Bascos”. Bilduma pribatua.
Vanzellerren albumeko akuarela bikain honek, aurreko litografiarako ez ezik, hurrengorako ere balio izan zuen.
Charles Vanzeller. “Cavalry of the province of Navarre.” KMK. Iturria
Sketches and remembrance of the carlist army albumean argitaratutako litografia honetan zaldiak akuarelan duen posizio bera du. Album hau ere Londresen argitaratu zen 1837an, eta egileak irudian irudikatutakoei egozten dizkien testuak biltzen ditu, kasu honetan oso esanguratsua:
"Tanto val ser faccioso como cristino: don Carlos no pierde, la Reyna no gaña, nosotros comemos y el pueblo lo paga"
Alegia, "Berdin du karlista ala kristino izateak: Don Carlosek ez du galtzen, Erreginak ez du irabazten, guk jaten dugu eta herriak du ordaintzen"
.Charles Vanzeller. “The New Square of Vitoria”. Londres, 1837. ZM. Iturria.
Gasteizko Plaza Berriko irudi honetan, berriz, bi paisano talde aurkitzen ditugu. Lehenengoan, irudiaren erdialdean, pasiego talde bat agertzen da, Vanzellerren hitzetan: "Pas haraneko nekazariak, ondoko Santanderrekoak, bi armadek okupatutako herrialdea zeharkatzen dutenak, gurina eta limoiak salduz, eta Erreginaren zein karlisten jeneralen espioi gisa."
Carlos Vanzeller. "Pasiegos. Santander." Bilduma pribatua.
Irudiaren eskubian, Vanzellerren hitzetan "Nafarroa eta Bizkaiko neskameak".
Carlos Vanzeller. "Victoria." Bilduma pribatua.
Azkenik, hiriaren irudi pare bat eskaintzen ditugu, ilustratzaile portugaldarraren trebeziaren eredu.
Carlos Vanzeller. "Square of Vitoria". Bilduma pribatua.
Carlos Vanzeller. [Birjina Zuriaren Plaza]. Bilduma pribatua.
Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiogu José Norton historialariari, Portugalgo militar eta ilustratzaile bikain honen teknika hobeto ezagutzeko aukera ematen diguten irudi eder hauen erreprodukzioak gure eskura jartzeagatik.