Cadizko Konstituzioa euskaraz: Joxe Felix Amundarainen “Jaquin-bide Iritarautia”
Juan San Martin euskaltzainak 1987.ean “Cadizko Konstituzioa euskaraz 1820” artikuloan adierazi zuen nola aita Zubeldiak Hondarribiko kaputxinoen liburutegian eskuizkribu bat aurkitu zuen eta berari eskaini azter zezan. Euskera aldizkariaren 32. alean agertutako idazkian San Martinek konstituzio honek Euskal Herrian izandako eragina aztertzen du, baita eskuizkribuaren zenbait ezaugarri adierazi ere. “Itxura denez euskaraz idaztera ohitua” omen zen egilea eta testua “gipuzkeraz idatzia baina Larramendiren hiztegiaz ondo kutsaturik”.
Izan ere egilearen nortasunik ez zen ezagutzen, izkribuaren azalean irakurtzen den esaldi honetatik kanpo: Erderatic Eusquerara itzuli du Apez Vicario Dr. D. J.F.A. Guipuztarrac 1820. Urtean
Beste datu deigarria azaltzen du idazkiak, itzulpen lanaren eskaintza Miguel Antonio de Zumalacarregui, “Goitico Conseju Justiciacoaren Ministroari” egiten dio egileak. Ez da harritzekoa Tomasen anaia garaiko euskal liberal ospetsuenetakoa baizen eta konstituzio horren egileetako bat.
Zumalakarregi Museoan eskuizkribuaren berri 1994.ean izan genuen, Juan San Martinen eskutik gainera. Berak esan zigun 1991.ean Ararteko zela, testuaren faksimile-edizioa argitaratu zuena, hain zuzen Euskaltziandian egina zuen proposamenak ezezkoa jaso ondoren. Bere euskalzaletasun sutsuez adierazi zigun idatziaren interes izugarria, euskaraz garai honetako testu juridikorik ez baigenuen batere eta itzulpenaren maila bikaina goraipatu zigun. Tamalez argitalpenak 200 ale bakarrik izan zituen eta, noski, agortua zegoen.
Donostiako kaputxinoetara jo genuen eta bertan eskuizkribuaren aurkikuntza egin zuen Jose Luis Zubeldia Garañok eman zigun egun gure erakusketa iraunkorrean ikus daitekeen argitalpenaren 49 zenbakia duen alea.
Klikatu ondoko irudia dokumentu osoa ikusteko. (PDF).
Garai hartan bertan itzulpenaren egiletasunaren inguruko ikerketak emaitza jasotzear zeuden, bi bide ezberdinetatik gainera. Gasteizko Seminarioko liburutegian ziharduen Angel Ibisatek 1992.ean argitaratua zuen eskuizkribuari buruzko lan bibliografiko bat, Scriptorium Victoriense aldizkariaren XXXIX alean non itzulpenaren iturria ezagutzera ematen zuen, Cadizen 1812.ean argitaratutako Catecismo político arreglado a la Constitución de la Monarquía española para ilustración del pueblo, instrucción de la juventud y uso de las escuelas de primeras letras. Honen egilea ezezaguna zitzaion eta Ibisatek itzulpenaren egilea bera baino zailagotzat zuen bere identifikazioa. Egun badakigu José Caro y Sureda zena.
Baina itzulpenaren egilearen ehizean ez zegoen bera bakarrik. Cesar Gallastegi, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea, testuaren interes bereziaz jabetuta, Apez Vicario gipuzkoarraren nortasuna argitzear zebilen. Biak hala biak emaitza berbera lortu zuten, itzulpena Jose Felix Amundarain, Mutiloako bikarioari zor diogu.
Ibisatek bere detektibe lana R.S.B.A.P.en boletinaren 50. alean deskribatu zigun, “El doctor Don José Feliz Amundaraín (Cegama 1755-Mutiloa 1825), autor del Jaquinbide Iritarautia (1820)” artikuloan. Gallastegi, berriz, emaitza berdinera iritsia zen 1994.ean, baina lanaren azterketa arestian argitaratu du, Andrés Urrutia Badiolak 2009.ean koordinatutako Nomografía y corredacción legislativa liburuan,“La primera traducción al euskera de un texto parlamentario español” izenburupean.
Cadizko Gorteak.
Azkenik Amundaraini buruzko lanik zabalena, Jaquinbide hau aztertzeaz gain bere sermoiak aztertu eta hauen balioestea eskaintzen digun Jose Felix Amundarain Muxika (Zegama, 1755-Mutiloa, 1825), Goierriko Euskal idazle ezezaguna argitalpena dugu. Gerriko ikerlan sariketaren irabazlea 1995.ean, Antton Idiakez, Pello J. Aranburu, Marian Bidegain eta Iñaki Rezola dira egileak.
Amundarainek ikasketa sakonak egin zituen Filosofia, Legeak eta Kanon Sakratuetan, Iruña, Oñati, Zaragoza, Valladolid eta Madrilgo ikastetxeetan, baina 34 urtez Mutiloako bikario izan zen eta, besterik agertzen ez den bitartean, hemen aurkezten dizuegun Jaquinbide Iritarautia dugu ikasketa hauen emaitza aberatsena.