Blanche HENNEBUTTE berriro gurean.
Dagoeneko badira sei urte Zumalakarregi Museoan Feillet ahizpei buruzko erakusketa antolatu genuela, Baionako Euskal Museoarekin elkarlanean. Hélène eta Blanche Feillet Parisen jaio ziren baina 1834.ean Baionan kokatu zirenetik Euskal Herria izan zuten bere jardun artistikoaren gai nagusia. Zalantzarik gabe esan dezakegu euskal artean benetako aitzindariak izan zirena.
Blanche HENNEBUTTE. "Azcoitia et ses environs." 1850. Zumalakarregi Museoa. Iturria.
Blanche 1844.ean Charles Hennebutte Baionako argitaletxe baten jabearekin ezkondu zen eta bi ahizpek bere proiektuetan lan egin zuten. Turistei zuzendutako hainbat gida argitaratu zituen eta hauek ilustratzeko zeramatzaten litografiak Feillet ahizpen esku egon ziren. Hauetako batean France et Espagne: album des deux frontieres izenburukoan Blanchen litografiak agertzen dira.
Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia.
“Urgullen magalean” erakusketan ikus daitezkeen biak honako hauek dira.
Blanche HENNEBUTTE. “St. Sebastien”. 1850. Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria.
Erakusketan San Telmo Museoko bildumakoak daude ikusgai, biak kromolitografiak, kolorezko grabatuak alegia.
Blanche HENNEBUTTE. “Vue de St. Sebastien”. 1850. Baionako Euskal Museoa.
Blanche Feillet Parisen jaio zen 1815ean eta Biarritzen hil 1886ean. Frantzian ohi denez ezkontzerakoan abizena galdu zuen, baina bere lan askotan jaiotzez Feillet zela aldarrikatu zuen.
Blanche Hennebutte, Feillet jaioak, bertan marraztu eta litografiatua.
Blanche Feilleten senarrak, Charles Hennebutte inprimatzaile eta argitaratzaile baionarrak, euskal turismoa sustatzeko ahaleginak egin zituen, Baionatik Bilborainoko ibilbidea proposatzen zuten zenbait argitalpenen bitartez.
Blanche HENNEBUTTE. "Vue de la place de la nouvelle église et de la Ville Eugénie". Baionako Euskal Museoa.
Blanche HENNEBUTTE. "Bilbao : vue prise du chemin de Bermeo." Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Argitalpen honen azala besterik ez dugu ezagutzen tamalez, nabarmenki hegoaldean zabaltzeko asmoz egina.
Hennebutte familiaren bilduma.
Bi ahizpek argitalpen hauen ilustrazioak burutu zituzten eta argitaratuko zituzten litografiak prestatzeko Euskal Herrian zehar bidaiatzen zuten marrazkiak zuzenean jasoz.
Blanche HENNEBUTTE. "Motrico". Baionako Euskal Museoa.
Bi ahizpek Charles Hennebutteren gida turistikoak ilustratzeko litografia asko egin zituzten, gehienak paisaiekin, batzutan ilustrazioetan ohikoak ez ziren herrienak.
Blanche HENNEBUTTE. "Ondarroa. Vue du port". Euskal Itsas Museoa. Donostia. Iturria.
Bestetan baita euskal jantzi eta ohiturak jasotzen zituztenak ere. Bai iparraldean
Hélène FEILLET. "Costumes basques". Baionako Euskal Museoa.
Baita hegoaldean ere.
Blanche HENNEBUTTE. "Costumes basques espagnols : batelières de Passages". Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Garaiz zaudete Ormaiztegin Blanche Hennebutte ilustratzailearen bi litografia zoragarri zuzenean ikusteko "Urgullen magalean. Donostiako estanpak" aldi baterako erakusketan.