Bertsoak kantatzeagatik atxilotua.

2023/10/24
Zumalakarregi Museoan datorren urriak 26ean bertso kantaldia izango dugun honetan, XIX. mendeko bertsoei buruzko liburu baten berri eta bertan jasotako gertakizun bitxi baten aipamena egitera gatoz.

Bertso kantaldia Aitor Bizkarra, bertsolariak eta Paul Beitia eta Gari Ortiz de Villalba musikariek eskainiko dute Afrikako Gerra (1859-1860) gaitzat duten bertsoekin.

Euskal Tertzioak

C. MUGICA. Euskal Tertzioak Wad Rasseko borrokan. Xehetasuna. San Telmo Museoa.

Aurkeztu nahi dugun liburua Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek landu duten Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean lan bikaina da. Bertan eskualdeko bertso eta bertsolari ugariren berri emateaz gain, bertso doinuak, metrika eta beste alderdi teknikoak ere jasotzen dira, testuingurua eta historia datuak ahaztu gabe. Benetan bertso zaleez gain, XIX. mendeko historia maite dugunontzat ezinbesteko lana.

Bertsoak eta bertsolariak Irun XIX

 

Lan honetan berreskuratu dugu gertakizun bitxi hau, bertsoak kantatzeagatik atxilotutako arrantzale hondarribiarrarena, alegia. Hondarribiko udal artxiboan aurkitu genuen Francisco Higosen aurkako auzia, Saboiako Amadeoren kontrako bertsoak kantatzeagatik atxilotua. Mutila Obispo kaleko taberna batean zegoen kantu karlista bat kantatzen. Isilarazi zuten eta handik gutxira alguazila eta mikelete batek alkatearen aginduz atxilotu zuten.

Jose de Zabaleta Hondarribiko epaileak aske utziko du Higos, udala aurka egon arren. Epailearen hitzetan agintarien aurkako irainik ez dago bertsoetan eta auzia artxibatzea agindu zuen. Udalak, aitzitik, Donostiako auzitegira jo zuen Zabaletaren erabakia gaitzetsiz. Donostian zabaldutako auzia hiru hilabetez luzatu zen eta garaiko euskal kaleetako giroa islatzen duten hainbat bitxikeri jaso ziren, nahiz eta epaia berriro ere Higos kantariaren alde atera zen, berau absolbituz.

 Amadeo Saboiakoa

E. MORENO. "Amadeo de Saboya.". 1871. ZM. Iturria.

 

Hasteko harrigarri egiten dena atxilotuaren adina da, 14 urte besterik ez zituelako.

“Francisco Higos, adina hamalau urte, ezkongabea, arrantzalea eta ez du sinatzen ez baitaki” dio auziak.

Hondarribia

 E. GRANDSIRE."Partie basse de Fontarabie, habitee par les pecheurs.". 1873. ZM. Iturria.

 

Zabaleta Hondarribiko epaileak atxilotua ikusi zuenean ustez mozkortua aurkitu zuen eta jakin zuenean hirian oso entzuna zen kantua abesteagatik preso zutela, aske uztea agindu zuen, gainera inauteriak bertan zirela jakinik.

“Ostegun gizen egunean inauteri egunetatik hurbil egotearren jendea poztu eta broma zein algara dabilenean.”

Hondarribiko alkatea izugarri haserretu zen berak atxilotzea agindutakoa epaileak aske utzi zuenean eta keinu honi egozten zion gau horretan bertan erregeren aurkako kantuak eta Carlosen aldekoak hirian zehar zabaltzea. Berak kantu hauek kale nagusian entzun zituen, Canuta Amunarrizen taberna ondoan.

Kale nagusia

E. GRANDSIRE. “Grand rue de Fontarabie.” 1873. ZM. Iturria.

Donostian Francisco Maria Egaña epaileak bertso sorta osoa transkribatzea agindu zuen, baita itzultzea ere. Horretarako apirilean Alejandro Astiz hautatu zuten “perito en dialecto vascuence”. Hamabost bertso hauek Antonio Zavalak jaso zituen bere garaian eta argibide hau gehitzen du, alegia:

“Segundo Pikabea karlistak dio 1870.ean Gipuzkoan izugarri zabaldu zirela bertso hauek. Goiz batean Hondarribiko hiri eta Marinako kaleak bertso hauetaz ereinda agertu zirela. Sagardotegietan kantatu zirela bereziki, agintariek debekatu zituzten arte”.

Hendaiatik

E. GRANDSIRE."Vue de Fontarabie, prise d'Hendaye". 1873. ZM. Iturria.

Apirilean Donostiako auzitegian Fermin Berrueta mikeleteak egindako deklarazioan dio, bertsoak hamar bat hilabete lehenago jaso zituela Manuel Alzaren eskutik. Alza ere eraman zuten epaitegira eta honek bertsoak kalean aurkitu zituela esan zuen eta Manuel Iriarteren tabernara eraman zituela, Marina auzoan, eta bertan kendu zizkiola Berrueta mikeleteak.

Azkenean, Francisco Maria Egaña epaileak Francisco Higos errugabe aurkitu eta auzia artxibatu zuen.

“…kontuan hartuz Higosek kantatutako bertsoak, taberna, kale eta gune publikoetan herri honetako gehiengoak kantatu dituela.”

Auzian jaso eta itzuli ziren bertsoak Zeferino Ilarraza bertsolariak jarriak ziren, Araian jaio baina Donostian bizi izan zen bertso zalea. Beste sarrera bat eskatzen duen pertsonaia. Itzulpena Alejandro Astizek egin zuen, 1871ko apirilean.

 

Bertsoak kantatzeagatik atxilotua.

Didier Petit de Meurville. Hondarribia. GFA.