Bentaundi baserriko maketa

2023/02/14
Bentaundi baserria Donostiako Oriamendi mendian dagoen eraikuntza da. Claudio Artesanok baserri honen maketa bat eraiki zuen 2013an. Iaz dohaintzan utzi zion Zumalakarregi Museoari.

Bentaundi baserria edo Oriamendiko Benta, Erdi aroko eraikuntza da eta Donostiako kanpoaldean dagoen Oriamendi mendian kokatuta dago.

Baserria garai batean Donostia Errege Bidearekin lotzen zuen errepidean (egun Hernani-Donostia bidea) topatu dezagu.

Gipuzkoako Errege bidea XVIII. mendean

"Baserriaren historia, bide honi hestuki lotua dago. Izenak dioen moduan, ostatu izan bait zen. Bide nagusien bazterretan kokatuak zeuden, bidaiariei, merkantziak garraiatzen zituzten zamaltzainei eta animaliei atsedena eta hornidura emateko. Bentaundiren kasuan, berau, Donostiara sartu aurretiko azken geldiunea zen" dio Cladio Artesanok.

Baserria 1960an, Oriamendi mendia atzekaldean duela

Baserria Lehenengo Karlistaldiaren agertokietako bat izan zen. Zehazki, Oriamendiko Guduaren agertoki nagusienetako bat 1837an.

    Thomas Lyde Hornbrook. "Ernani from the plateau at the Venta of Oriamendi". 1840. Iturria.

Karlistek baserriaren aurrealdeko fatxadan ikusten diren gezilehioak erabiltzen zituzten etsaiari erasotzeko edo beraien burua etsaiengandik defendatzeko. 

Egun Bentaundi baserria. Goiko soilaruan gezilehioak ikus ditzakegu

Gezilehioak Oriamendi gotorleku aurrean zeudenez, gotorlekuaren defentsarako leku estrategikoa zen.

Gezilehioak maketan

2015en baserria patrimonializatzeko proiektua aurkeztu zen eraikina eta bere historia babesteko asmoz, baina proiektua ez zen inoiz gauzatu eta dirudienez eraikina eraisteko asmoa dago.

Maketaren barrualdea

Claudio Artesano Garicano (1938) Donostiako ondarearen defentsan ekintzaile nekaezina da eta ondarearen garrantziaz sentsibilizatuta dagoenez, baserriaren historia maketa batean gauzatzeko proiektua burutu zuen 2013an eta Zumalakarregi Museoari dohaintzan eman zion iaz.

Claudio Artesano bere azkeneko lana "Morlans denboran zehar" aurkezten

Museoak urtero Ondare tailerra burutzen du Ormaiztegiko San Andres eskolako LH5eko ikasleekin. Aurtengo edizioan Artesanok egindako maketa eredutzat erabili dugu saioetan ondarearen garrantziaz hausnarketa egin ahal izateko.

 

Haurrak maketa begiratzen
Museotik eskerrak eman nahi dizkiogu Claudio Artesanori ondarea kontserbatzeko konpromisoagatik eta maketa hau dohaintzan uzteagatik!