Begiradak aletzen jarraitzen dugu

2020/02/27
Gaurkoan museoarekin hainbat ekimenetan parte hartu duen Xabier Erkizia soinu artistaren testua zabaltzen dugu.

Zumalakarregi Museoa irratia proiektuaren ezinbesteko partaidea, Mapping Album ekimenaren inspiratzaile, gure bildumetan ikerlari nekaezina, Xabier Erkiziarekin dugun harremana urrutitik dator. Oraingoan Afrikako gerra irudikatzen duen grabatuari buruzko gogoeta eskaintzen digu 30 Begirada proiektuaren baitan.

 

J.VELASCO y J. VALLEJO. “Batalla de Tetuán el 4 de febrero de 1860.”  1861.

TETUANGO GUDUAREN IRRATI KRONIKAMargolariaren, begia, haren egia, beti dago irabazlearen lubakian gotortuta. Beti eroso, beti ziur. Margolariak ez du behin ere bere astoa galtzailearen lubakian ezarriko. Ezin dio pintzelari eutsi ihes egin behar izan gabe. Horregatik marrazten du zarata beti urrun, zehaztasun ikaragarriz, ortzimuga ezinezko batean. Kainoiek zabaltzen dituzten inperio berrien pausu bakoitzaren distantziak neurtzen ditu berak. Hori da bere lana. Geografoz mozorrotutako mertzenarioa. Margolariak badaki, markoak, mapek egin ohi duten bezala, ezartzen dituela garaipenaren neurriak. Eta neurri horiek irauteko joera dutela. Han egon ez ginenoi bere begiradaren biolentzia inprimatzea da helburua. Margolariak ez baitu kontakizuna grabatzen, politika egiten du.Azkenean, hori baino ez da geratzen: izenburu ponpoxo bat eta kea urrunean. Zarata, aire zikina. Izua, zintzilik. Denboraren eta geografiaren arauak hausten dituen eta lekuen dimentsioak komenientziaz moldatzen dituen arrabotsa. Ikatz-ziriz markatutako oihartzun bat entzuten da. Garaipenaren zarata da. Irabazlearen musika tristea.

Begiradak aletzen jarraitzen dugu

Batalla de Tetuán el 4 de febrero de 1860. Xehetasuna.