Badator "Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat" erakusketa

2019/09/06
Datorren irailak 20ean zabalduko dugu Ormaiztegin "Migrazioak" proiektuaren emaitza den aldi baterako erakusketa: "Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat". Bertan XIX. mendeko euskal emigrazioa aztertuko dugu, aldi berean egungo immigrazio fenomenoari ispilu bat jarriz. Gaur, bertan jorratzen den gaietako bat aipatuko dugu, euskal emigrazioa Uruguaira

XIX. mendeko euskal emigrazioa aztertzerakoan hainbat helmuga hautatu genitzakeen Ipar zein Hego Amerikan ala Filipinetan, baina, azkenean Uruguai izan da aukeratutakoa. Herrialde honi buruzko eta, bereziki, bertara jo zuten euskal emigranteei buruzko informazioa, zein bertako instituzioekin sortu dugun harremana, Alberto Irigoyen historiagileari zor diogu. Bihoaz hemendik gure eskerrik beroenak  euskal diasporaren ikertzaile honi.

Dalin

D. DALIN. "Montevideo. Visto del Serro". Biblioteca Nacional de Uruguay. Montevideo.


1830etik aurrera Río de la Plata bihurtuko da, bai Iparraldeko eta baita Hegoaldeko euskaldunen helburu nagusia. 1837 eta 1840 bitartean 40.000 bat euskaldun sartu ziren Montevideotik.

Hamarkada honetan Uruguai Espainiatik banandu eta Uruguaiko Ekialdeko Errepublika eraikitzen ari zen. Nahiz eta Espainiako erreinuak ez zuen oraindik errepublika berria aintzatetsi, lehen karlistaldiaren erdian, bertarako emigrazioa sustatzeko akordiak sinatzeko gai izan zen.
Uruguaiko gobernuak, bere aldetik, europar immigrazioa sustatzeko, Samuel Lafone bezalako enpresariei dirua eskaini zien bertan finkatzen ziren europar bakoitzeko. Emigraziorako empresa hauek euskal emigrazioa sustatzeaz arduratu ziren.

Montevideoko planoa

"Plano topográfico de la ciudad y cercanías de Montevideo, por el agrimensor Pedro Pico". Montevideo, 1846. Museo Histórico Nacional de Uruguay. Montevideo.


Euskal Herrian XIX. mendeko emigrazioaren arrazaoi nagusienetako bat politikoa izan zen. Bereziki Karlistaldien ostean, Erregegaiaren jarraitzaile sutsuenak erbesterako bidea hartu zuten. Lehenik Frantziara eta ondoren, batzuk, itsasoz bestaldera, zehazki Uruguaira, aberasteko aukerak erakarrita.

Hauetako askok 1843.ean eztanda egin zuen gerra zibilean parte hartu zuten Oribe jeneralari lagunduz, esaterako Lesmes de Bastarrica, “Oriberen boluntarioen” buru izan zen ofizial karlista.
Donostian jaio eta Lehenengo Karlistaldian boluntario modura borrokatu zuen. Bergarako Hitzarmenera atxikitu ostean, gobernu liberalaren aurka konspiratzeagatik kartzelaratua izan zen. Frantziara ihes egin eta bertatik Rio de la Platara ontziratu zen. 1843.ean iritsi zen Montevideora eta gehien bat erbesteratu karlistez osatutako Oriberen Boluntarioen Bataloian integratu zen. Gerra ostean armada utzi zuen, baina bere alderdiak bultzatutako altxamendu guztietan parte hartu zuen.

Besnes gerra

Juan Manuel BESNES. "Bateria del Comodoro Sitio de M.teVo. 1848". Museo Histórico Nacional de Uruguay. Montevideo.

Bitxia bada ere, gerra honetan etsai ziren Fructuoso Riveraren jarraitzaileen artean ere euskaldun asko aurkituko ditugu. Bederatzi urtez Montevideo hirian setiatuak egon ziren. Gehienak Iparraldeko euskaldunak, ohiturari jarraituz Euskal Ehiztarien taldea osatu zuten. Bere buruzagia Jean-Baptiste Brie de Laustan Izpuran (Baxe Nafarroa) jaio zen eta Uruguaira 1838.ean joan zen. Bertan gerra zibilak -“Guerra Grande” (1843-1852)- eztanda egin zuenean “Euskal Ehiztari”en buru hautatu zuten. Frantzisko bere anaiaren kide izan zen euskal emigrazioa sustatu zuen enpresan.

“Leopoldina Rosa” fragataren urperatzea da gure erakusketaren ardatzetako bat. 1842.eko ekainean Uruguaiko itsasertz parean, “Leopoldina Rosa” hiru mastadun ontzia urperatu zen. Baiona eta Pasaiatik apirilean abiatutako 300 euskal emigranteetatik 70 bakarrik salbatu ziren.

Espedizio honen emigrazioa agentea Alfredo Bellemare izan zen, Samuel Fisher Lafone britainiarraren “Lafone & Wilson” enpresaren ordezkaria Baionan. Lafone, bankari eta enpresaria, “Lafone and Wilson” Rio de la Platara euskal emigrante gehien eraman zuen enpresaren sortzaile eta “Leopoldina Rosa” fragataren jabea zen. Buenos Airesen kokatu zen 1825.ean. Handik Montevideora alde egin zuen 1833.ean, erritu protestantez ezkondu zenean. Bankari eta enpresa gizona, Hegoamerikako lehen eliza protestantea eraiki zuen Montevideon 1844.ean. Bere negozio anitzek jabetza haundien nagusi egin zuten Punta del Este inguruan eta baita hainbat uharteetan ere, Malvinetan eta Rio de la Platan.

Lafone

"Samuel Fisher Lafone". Museo Histórico Nacional de Uruguay. Montevideo.

Uruguaira emigratu zuen euskaldunik ezagunena, zalantzarik gabe, Jose Mari Iparragirre izan zen. Domingo Ordoñana  Iparragirre arabarrak  Uruguaira 1842.ean emigratu zuen, bere osaba Juan Antonio Porruaren etxera. l860.ean Sorianoko departamentuan estantzia baten jabe egin zen eta aberastu. Han jaso zuen bere lehengusu Iparragirre koplaria, 1859.ean”Casa Blanca” izenako estantzian. Iparragirrek Ordoñanaren ardien artzaintzan jardun zuen, 1859tik 1861ra. Ostean Montevideora joan zen, Kafetegi batez arduratzera, baina laister porrot egin zuen. Hainbat urtez artzaintzan Uruguain jardun ostean, familia bertan utzi ondoren Euskal Herriratu zen 1877an.

Iparragirre

Iparragirre familia. Biblioteca Nacional de Uruguay. Montevideo.

Baina izan ziren gure artean hain ezagunak ez diren euskal emigranteak Uruguain. Juan Manuel Besnés e Irigoyen Donostian 1788ko uztailak 12an jaio zen eta Montevideora 1809an iritsi zen. Han maisu egin zen eta hiriburuko lehenengo hezkuntza instituzioak sortzen parte hartu zuen. 1839.ean Rivera lehendakariak Topografia Batzordeko kide hautatu zuen. Administrazio publikoan beste hainbat kargu bete zituen. Baina bere lanaren garrantzia kaligrafo, marrazkilari eta akuarelista bezala egindakoan datza, izan ere, XIX. mendeko Uruguain bizi izan zituen gertaera politiko, militar eta kultur arlokoak grafikoki jaso zituen lekuko nagusia bihurtu baizen. Gainera bere jaioterriarekin harremana mantendu zuen eta egun San Telmo Museoak berak bidalitako hainbat pieza gordetzen ditu, Donostiarekiko mantendu zuen loturaren eredu.

Besnes

Juan Manuel Besnes. 1861. San Telmo Museoa. Donostia.

Gainera Uruguain argitaratu ziren Ameriketako lehen testuak euskaraz (1843) eta lehen euskal aldizkaria (1887). Baita lehen euskal etxea, “Laurac Bat” (1876) eta porrot egin zuten emigranteentzat itzultzen lagunduko zien elkartea: Caja Vasco Navarra de Reempatrio (1883).

Uruguaira jo zuen euskal emigrazioa garrantzitsua izan zen XIX. mendean. Egun oso urria da, baina euskaldunen ondorengoak biztanlegoaren % 10 osatzen dute. Herrialdean 12 euskal etxe daude, horietatik 3 Montevideon.

Hona hemen gure aldi baterako erakusketan sakon jorratzen dugun gaietako bat. Adi laister datorren inauguraziora.