Aurten ere dohaintza berriak

2014/11/12 ondarea
25 urte betetzen dituen honetan, Zumalakarregi Museoak bere bildumak zabaltzen jarraitzen du, bere lagunen dohaintzei esker. Azkenak ezpata, eskuizkribua, txapela, faxa eta olio erretratu bat izan dira.

Urbana Rezabal andereak bere aitona Jose Francisco Rezabalek utzitako eskuizkribua eta ezpata bat eskaini ditu dohaintzan. Eskuizkribua Adrian Manchobas, Valdespinako Markesaren idazkaria izandakoak idatzia da. Koadernotxoak 73 orrialde ditu idatziak eta bertan1873.go otsailak 17tik uztailak 25era gertatutakoak kontatzen ditu Manchobasek. Tartean Valdespinako Markesak Santa Kruz apaizarekin izandako gora-beherak.

Valdespina

"Valdespinako markesa, don Karlosen ejertzitoko Estatu Nagusiko burua". Irudiaren iturria.

 Ezpata, berriz, Jose Francisco Rezabalek karlisten lerroetan erabilitako ofizialen1859 modelokoa da.

 

ezpata Rezabal

Bigarren karlistadan erabilitako ezpata.

Jakin badakigu Rezabal Nafarroan borrokatu zena eta litekeena da Antonio Dorregaray bere buruzagia izatea. Izan ere Xabier Irujo lagunak karlisten buruzagia izandako Darregarayrenak izandako bi objetu utzi dizkigu dohaintzan: txapela eta besoa eusteko faxa.

 

Dorregarayren txapela

Antonio Dorregarayren txapela eta faxa.

 Antonio Dorregaray, Euskal Herriko karlisten buru militarra 1874.ean eta Aragoekoena 1875.ean, Ceutan jaio zen 1823an eta Zaragozan hil 1882.ean.

 

Gaztetxoa zela parte hartu zuen Lehenengo Karlistadan tenienteorde izatera iritsiz. Bergarako Hitzarmena onartu ondoren Espainiar armadan jarraitu zuen. Afrikako Gerran  (1859-1860) nabarmendu zen, teniente koronel gradura helduz.

 Dorregaray Portugaleten

Dorregaray Portugaleten sartzen 1874ko urtarrilean. Irudiaren iturria.

 Bigarren karlistadan Don Karlosen alde jarri zen eta honek Nafarroara bidali zuen 1873.go otsailean Mariskal bezala. Eraulgo batailaren garaile agertzen zaigu eta Euskal Herriko karlisten buru militarra hautatua izan ondoren, besteak beste, Jurramendi eta Abartzuzako batailetan garaile. 1875.ean Aragoeko karlisten buruzagi izatera pasa zen, baina han gertatutako ezohiko erretirada zela medio karlisten susmoak piztu zituen. Ez zuten ezer probatu eta gerra ostean Karlos VII.arekin atzerriratu zen.

 Dorregaray

Antonio Dorregaray. Irudiaren iturria.

Dorregaray besoan zauritua izan zen eta mediku militarrek besoa moztu behar ziotenean, Goñiko medikuak esan omen zion berak sendatuko zuela eta besoa salbatu zion, nahiz eta denbora askoan oholez bermatua eraman behar izan zuen. Hortik jaso berri dugun belusesko faxa, beso-euskarri dotorea, alegia.

Azkenik, Manuel Yurrita ormaiztegiarrak, Luis Laskurain margolariak egindako Santa Kruz apaizaren olio erretratu bat eman digu dohaintzan. Apaizak bere bizitzako azken 40 urteak misiotan pasa zituen, Ameriketan eta garai horretako irudia jasotzen du erretratuak. Honela Adrian Manchobasen eskuizkribuarekin hasitako bidea borobiltzen dugu, izan ere Santa Kruzekin hasi eta bukatzen baitugu sarrera hau.

 

Santa Kruz erretratua

Luis LASKURAIN. "Santa Kruz apaiza".

Gure eskerrik beroenak, berriro ere Urbana Rezabal, Xabier Irujo eta  Manuel Yurritari, Zumalakarregi Museoaren eta gipuzkoar guztien ondarea zabaltzen laguntzen ari direlako.