Aldizkari satirikoak eta Euskal Herria
Euskal Herrian ez ziren aldizkari satiriko asko argitaratu XIX. mendean. Baina beste lekutan argitaratutakoek jaso zituzten euskal gaiak. Gehienak Karlistaldiei lotutakoak ditugu gurean, baina beste gaiak ere jorratzen dira gure bildumako karikaturetan.
BENJAMIN. "Grrrrrrandes Manoeuvres exécutées sur les Montagnes de la Biscaye, par les deux vaillantes armées de Rodil et de Zumalacarregui". [Bizkaiko Mendietan Rodil eta Zumalakarregiren armadek burutatako maniobra hauuuundiak].La Caricature nº 205. 1834ko urriak 9.
Lehenengo Karlistaldiko irudi hau Parisko La Caricature aldizkarian argitaratu zen eta Rodil jeneral liberala Zumalakarregi harrapatu ezinik zebilela adierazten du, Isabel erreginaren gurditxoa Frantziako azken erregea izan zen Louis-Philippe I.ak bultzatzen duen bitartean.
La Flaca. Bartzelona. 1870ko irailak 10. Iturria.
Bigarren Karlistaldiak eztanda egin aurretik hainbat altxamendu gertatu ziren euskal lurraldeetan. Tomas Padro ilustratzailearen karikatura honetan 1870ko udan gertatukoa aipatzen da, Biriatuko Martingo baserriaren inguruan antolatutakoa. Irudiaren protagonista Bixente Manterola apaiza eta diputatu karlista da, altxamendu honen buru izatea leporatu zitzaiona.
La Tomasa. Bartzelona. 1872.go maiatzak 30. Biblioteca de Catalunya.
Bartzelonan argitaratutako karikatura honek karlistek 1872ko udaberrian Orokietan jasotako porrota aipatzen du. Don Carlosek ozta ozta ihes egitea lortu zuen eta hainbat hilabetez iparraldeko etxe desberdinetan izkutatu zen.
La Flaca. Bartzelona. 1873ko ekainak 18. Iturria.
Berriro ere Tomas Padro ilustratzailearen lana dugu Bigarren Karlistaldiko hau. Armada liberala karlisten atzetik zebilen harrapatu ezinean. Serrano jenerala dugu itsu doana, Dorregaray jeneral karlista eta Santa Kruz apaiza alboan dituela.
La Madeja. Bartzelona. 1874ko maiatzak 2. Iturria.
Aldizkariaren izena aldatu bazen ere egilea bera dugu, Gernikako arbola Espainiak aizkoraz mozten duen karikatura honena. Berriro Serrano jenerala eta gobernu burua agertzen zaigu zerra modura. Gerra ostean Espainiako gobernuak hartuko duen erabakirako, Foruen aboliziorako alegia, giroa prestatzen.
La Madeja política. Bartzelona. 1874ko azaroak 21. Iturria.
Karlistek Irun setiatu zuten 1874ko azaroan. Don Carlosek berak zuzendu zuen hiriaren bonbardaketa San Martzial menditik. Saioaren porrota adierazten du La Madeja política aldizkariaren karikatura honek.
El Cascabel. Madrid 1874ko azaroa. Hemeroteca de Madrid.
Madrilgo aldizkari honetan, berriz, Irungo setioa ikustera Hendaiara etorritako jendetza azpimarratuko dute. Izan ere, Don Carlosek ekintza propagandistiko baten modura prestatu zuen Irungo erasoa, gaizki atera bazitzaion ere.
El Cascabel. Madrid. 1880ko urtarrila. Hemeroteca Municipal de Madrid.
Gatazka belikoez gain beste gaiak ere jorratzen ziren aldizkari hauetan. Hemen kontrabandoari buruzkoa.
La Avispa en San Sebastián. Madrid. 1887ko abuztuak 11.
Madrilgo aldizkari honek, uda partean, Gortea eta gobernua bera ere Donostian zegoenean, ale bereziak argitaratzen zituen.
La Avispa. Madrid, 1888ko uztailak 4.
Turismoa ere aldizkari hauen gaietako bat izan zen.
La Galerna. Semanario koshkero. 1890ko otsailak 9. Donostiako Udal Liburutegia. Iturria.
Aipatu dugu Euskal Herrian oso argitalpen satiriko gutxi egon zirela. 1890.ean Donostian argitaratu zen La Galerna astekari elebiduna.
La Galerna. 1890ko maiatzak 25. Donostiako Udal Liburutegia.
Kasu honetan umorea jende xehearen ohiturekin egingo da. Sagardotegia zen Donostiarren aisiaren gune nagusietako bat.
Ildo beretik argitaratu zen Donostian bertan El Thun Thun. Semanario koshkero. Hemen Donostiako Liburutegiko lotura.
Don Quijote. Madrid, 1893. Bizkaiko Foru Liburutegia.
Nafarroan, German Gamazo Ogasun ministroaren aurkako altxamenduak ere jaso zituzten Madrilgo aldizkarietan. Izan ere, zerga sistema aldatzen saitu zen eta sekulako erantzuna jaso zuen nafarren aldetik foruen aldeko manifestazioen bitartez.
Don Quijote. Madrid, 1893. Bizkaiko Foru Liburutegia.
Gamazoren aurkako altxamenduak Gipuzkoan ere izan zuen bere oihartzuna. Urte bereko abuztu bukaeran Bulebarrean jotzen ari zen udal bandari "Gernikako arbola" jo zezan eskatu zioten. Banda zuzendariak ezetz esan zuenean jendeak Mateo Sagasta gobernuburua zegoen Londres hotelera jo zuen protestan eta hauen aurka zabaldutako guardia zibilaren errepresioak sei hildako eta hainbat zauritu eragin zituen.
Don Quijote. Madrid, 1893.
Gertakari hauek ere jaso zituen Madrilgo prentsa satirikoak. Guk ere aipatu genituen aurreko sarrera batean.
Gogoratu Zumalakarregi Museoan "Carliscaturas: umorea lubaki gisa" aldi baterako erakusketa ikusgai duzuela. Gainera, datorren irailak 12an, arratsaldeko 7retan "Prentsa satirikoa XIX. mendean" solasaldia izango dugu. Anima zaitezte. Izena emateko esteka