Agosti Xahoren Karlistaldiei buruzko idatziak argitaratzen ditugu.

2019/06/12
Zumalakarregi Museoak, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin elkarlanean, Agosti Xaho idazle zuberotarrak Lehenengo Karlistaldian idatzitako bi testu argitaratzen ditu. Aurkezpena Ormaiztegin egingo dugu datorren ostiralean, hilak 14 arratsaldeko zazpiretan.

Lehena, Paroles d’un Biskaïen Parisen 1834.ean argitaratutako testu laburra da eta euskaldunen askatasunaren aldeko borroka aldarrikatzen du, Karlistaldiaren sakoneko arrazoiak ulertzeko.

A. Xaho

"A. Chaho, auteur de la philosophie des religions comparées". Baionako Euskal Museoa.

Bigarrena, Euskal Herriari buruzko eleberri  erromantikoaren gailurra da, Voyage en Navarre pendant l´insurrection des Basques (1830-1835), Parisen 1836.ean argitaratua. Bertan Karlistaldi bete betean Nafarroara egindako bidaia kontatzen du, Tomas Zumalakarregiren irudi erromantikoa eskainiz.

Pertsonaia eztabaidatsua, Xaho oraindik gutxi ezagutzen den idazle, filosofo, hizkuntzalari,  kazetari eta politikaria izan zen. Bere lanera gerturatzeko aukera aproposa da gure argitalpen hau.

Agosti Xaho

Agosti Xahoren dagerrotipoa. Baionako Euskal Museoa.

Liburu hau elebiduna da, egilearen jatorrizko frantsesa eta Justo Garate eta Rafael Galarzak gaztelerara egindako itzulpenak biltzen ditu.  Edizioa Agosti Xahori buruzko aditua den Patri Urkizuren sarrera aberats batek osatzen du.

Argitalpena Reno eta Ormaiztegiren arteko elkarlanaren bigarren emaitza da, izan ere, 2015ean Charles Frederick Henningsenen The Most  Striking  Events of  a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces argitaratu baigenuen.

Ildo honekin Tomas Zumalakarregiren figura nazioartean ezagutarazteko bide bat  irekitzen ari gara, aldi berean Euskal Herriaren historiaren difusioa ere zabalduz.

Aurkezpena kafe tertulia baten bitartez egingo dugu Ormaiztegin datorren ostiralean, hilak 14 arratsaldeko zazpiretan,  Patri Urkizu sarreraren egilea, Nevadako Unibertsitatetik Xabier  Irujo eta Zumalakarregi Museotik Mikel Alberdiren partaidetzarekin.

Denak gonbidatuta zaudete!