ASKATASUNAREN GORAZARREHerritarrak gerra latz eta suntsitzailean murgildurik izan ondoren,(1833-1839), Jenaro Pérez Villaamil margolariak Begoñako Andra Mari eliza atzeko erromeria giroa, Euskal Herriko edozein erromeria giroaren adierazpide, bihurtu zuen eta Parisen argitaratu (1842-1844). Herritarren bizi pozaren adierazpena dantzaldian eta aisialdian gertatzen dela erakutsi nahi digu, erromantiko peto bati zuzen zuzenean dagokionez. Baina aurreskua baino gehiago biribilketan ari dira dantzariak, dantza librean, eskuz esku loturik saltoka eta barruko barrena askatzen, dantza askatzailea baita. P. Bausac-ek marraztu eta J.E. Delmasek aldi berean Aurreskua argitaratu zuen, (1846) arauzko dantzaldiaren adierazpenez osotua. Baina biribilketan dantzariaren askatasuna da nagusi, danbolinteroen erritmoan. Eta dantzari bakoitza, katean loturik baina aldi berean bere kabuz ari da eta baten bat aurreskuan ere. Erromeria eta jai giro pozgarria herriaren nortasunaren eta bizitasunaren adierazgarria baita. Txosnak ditugu edariak eta janariak saltzeko eta ezkerraldean agintariak jesarrita aulkian, dantzaldiaren arduradunak balira bezala. Alkateak bere txuzoa edo aginte makila agiri du. Emakumeak eta gizonak ditugu protagonistak guztiak dantzari edo berriketan. Jantziak, kapelak eta txapelak desberdinak dira eta marrazkilariak aberastasun guzti hori zuzen zuzen adierazten digu. Herritarren askatasunaren gorazarrerako eginikoa dirudi, bizi poza goratzeko eta ospatzeko. Zumalakarregitarren museoa, Euskal Herritar guztien metafora adierazgarria dugu. Ibilbide luze eta oparoa burutu du XIX mendeko eguneroko giroa lantzen, zabaltzen eta erakusten, sakontasunez eta zientifikotasunez. Horregatik etorkizuna lantzen, gure iragan hurbila aztertuz jarrai dezala desio eta espero dugu. Joseba Agirreazkuenaga (UPV-EHUko Gaur egungo Historiarako Katedraduna)
Jatorrizko tamainako irudia: 280 KB | Ikusi Deskargatu