'1823. San Luisen Ehun Mila Semeak, kontaketa historikoa'
GAUR EGUNGO KONTAKETAREN OSTEAN, ORAIN KONTAKETA HISTORIKOA DATOR
1823. San Luis Ehun Mila Semeak erakusketa bi alditan garatu da: Batetik, “Gaur egungo kontaketa” ekainetik irailera arte ikus ahal izan dena, baliabide grafikoak erabiltzen dituzten artisten inguruan antolatu zen. Lan horiek iraultzaren eta erreakzioaren arteko jokoan instalatzen dira, marrazkien bidez botere politikoaren anbiguotasuna aztertuz, progresista/kontserbadore bikotearen gerizpean. Honako artisten obrak osatu zuten erakusketa: Andrés Rábago (Madril, 1947) Ops eta El Roto izenez ezaguna, Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963) eta Azucena Vieites (Hernani, 1975).
Bestetik, gaur aurkeztuko dugun atalak, “kontaketa historikoa” izenekoak, osatuko du erakusketa, eta gaurtik 2014ko urtarrilaren 19ra arte bisitatu ahal izango da. Erakusketak ispiluen joko interesgarria egingo du San Telmo Museoan eta Untzi Museoan 1813ko gertakariei buruz erakutsitakoa oinarri hartuta. Donostiako erakusketan Cadizko Konstituzioaren atarikoak ikusten badira, oraingoan haren garapena erakutsiko da. Frantsesen aurkako gerrillak –esate baterako, Zumalakarregi– inbaditzaileekin bat egiten du, liberalen aurka, aldekoen artean Jauregi jenerala eta Espoz y Mina daudelarik. Inbaditzaile frantsesen (San Luisen Ehun Mila Semeak) ikonografia heroikoa da orain, ez zaie irainik egiten eta ez dira barregarri uzten. Kontaketa historiko hori gauzatuko da Angulemako dukearekin batera espedizioan joan ziren artisten testigantza grafiko eta inprimatuen bidez: Victor Adam, L.F. Couché, Desplans, Salneuve, Le Camus, I.J.S.Taylor eta Clerjon de Champagny, besteak beste. Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko arte grafikoen produkzioen balioa adierazteko zeregina ardatz hartzen du berriro ere.
1823. San Luisen Ehun Mila Semeak erakusketa, museoa irekita dagoen ordutegi berean bisitatu daiteke eta bisita gidatu programatuak eskainiko dira larunbatero, 12:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz. Horrez gain, erreserbatuz gero, taldeei bisitak eskainiko zaizkie, eta bai gazteei, bai helduei zuzendutako tailerrak ere antolatuko dira.
1823ko Gipuzkoa Zumalakarregi Museoan from GITB on Vimeo.