Miguel Joaquin Eleizegi

Altzoko erraldoia

Migel, Altzoko, Tolosatik gertu dagoen herriko, Ipintza baserrian jaio zen 1818an, haurtzaroa arazorik gabe igaro zuen baina 20 urte bete zituenean gaixotasun larria jasan zuen, denbora gutxian asko haziz. Dirudienez, bizilagunak, sarritan ikusten zutelako edo, ohituta zeuden mutilaren tamainarekin. Tolosara joaten zenean, ordea, benetako ikusmira sortzen zuen eta guztien ahotan egoten omen zen haren handitasunari buruzko aipamenen bat. Dirudienez, bere handitasunak lotsarazi egiten zuen eta bere burua naturaren abortutzat jotzen zuen.

 

 

Garai hartan, Phileas Taylor Barnum izeneko gizon iparramerikarra oso ospetsua egin zen mundu osoan, zirkoan akromegaliko, desfiguratuak ikusgai jartzen zituelako eta horrek eraginik izan zuen Lekunberriko Jose Antonio Arzadunen egitasmoan, elkarte bat osatu bait zuen, erraldoia herriz herri eraman eta dirua egiteko. Kontratuan, Migelek erretzeko behar zuen tabako guztia elkartearen gain egongo zela eta zegoen lekuan egonda ere, Elkarteak mezara joateko aukera eman beharko ziola zehazten zen.

 

Migel bidaiak egiten hasi zen, turkoz eta espainiar armadako jeneralez mozorrotuz, lehendabizi Espainian eta gero Europan, han 'euskal erraldoia' bezala aurkeztu zuten, zenbait grabatuk erakusten dutenez.

  

29 urte zituenean Portugal eta Frantzia bisitatu zituen eta Madrilen Isabel II, Frantzian Luis Felipe erregea, Portugalen Maria de la Gloria erregina eta Victoria I. Ingalaterran bisitatu zituela egiaztatzen duten agiriak daude. Emakume ingeles batekin ezkondu nahi izan zuten ekonomikoki onura ekar zekiokeelako, baina Joakinek benetan nahi zuena etxera itzultzea zen.

 

Migel Joakin Eleizegi 43 urterekin bere jaioterrian, biriketako tuberkulosi baten eraginez hil zen eta Altzoko hilerrian lurperatua izan zen, baina kondairak dionez, erraldoiaren hezurrak hilkutxatik lapurtu zituela zabaldu zen, hobitik ateratzerakoan ez zeudela han zioen herriko jendeak.